Emakume Master Cupek antolatutako esku-huskako binakako San Fermin torneoak bere finalisten izenak ezagun ditu dagoeneko, larunbatean Elizondon bi finalerdiak jokatu ondotik. Zabaleta-Gaminde eta Arrizabalaga-Oses izanen dira finala jokatuko duten lau pilotariak Baztanen lortutako garaipenen ondotik.
Larunbateko bi finalerdiak guztiz ezberdinak izan ziren Elizondon. Lehen partida arras borrokatua eta orekatua izan zen, eta Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Gamindek 22-18 gainditu zituzten Aldai eta Zabala, Andrea Capellanen ordez aritu zena. Amaia Aldai txapeldunari aurre egitea ez da inoiz erraza izaten, baina Zabaletak, txapelketa handi bat egiten ari den leitzarrak, une gozoan dagoela berretsi zuen. Saiatzen den guztia sartzen zaio eta partidaren zama bere bizkarrean hartu zuen eta aurre egin diezaiokeen erronka handienetako bat aurrera atera zuen.
Baina ez leitzarrak ez du gehiegi itxaron beharko antzeko bertze erronka bati aurre egiteko, finalean Olatz Arrizabalaga izanen baitu aurkari. Osesek lagunduta gernikarrak ez zuen Garai eta Galeanoren errukirik izan (22-5) partida borobila jokatuta. Leire Garai saiatu zen eta, zenbaitetan ongi erantzun zuen, baina tantoak beti erortzen ziren gorrien alde bigarren finalerdian.
Larunbatean Elizondon ikusitakoaren arabera, finala zirraragarria izanen da sasoi bikainean dauden bi bikoteren artean.