Horrekin batera, erran behar da, Arantzan, Areson, Eratsunen, Urrozen, Zubietan eta Narbarteko kontzejuan ez zutela zerrendarik aurkeztu. Hala, azken lau urteotan agintaldian izan direnek bertze sei hilabetez segitu beharko dute karguan, eta orduan hauteskundeen bigarren deialdia eginen dute.
Gainerakoetan, batzuetan goizean eta eguerdian, eta bertzeetan arratsaldean egin dituzte biharko hitzorduak. Ia gehienetan erabakia da zeinek hartuko duen aginte makila.
Nabarmena da emakumezkoen eta gizonezkoen arteko aldea: % 36 emakumezkoak (54) izanen dira eta % 64 gizonezkoak (96)
Bertze datu bat: bihar eskualdeko 150 lagunek hartuko dute alkate edo zinegotzi kargua, eta oraindik ere, nabarmena da emakumezkoen eta gizonezkoen arteko aldea: % 36 emakumezkoak (54) izanen dira eta % 64 gizonezkoak (96). Gehiago ere bai, 250 biztanletik goitiko 13 udalerrien artean, hiru emakumezko izanen dira alkate kargua hartuko dutenak: Natalia Rekarte Oteiza Donamariako alkate izanen da, Arantxa Arregi Alberro Doneztebekoa, eta Amets Inda Gorriaran Sunbillakoa. Gainerakoak gizonezkoak dira. Litekeena da zerrenda irekiak dituzten 250 biztanletik beheitiko herrietan emakumezko alkate gehiago izatea.
Arano
Aranon bi talde aurkeztu zituzten udal hauteskundeetara: Herri Aierriz eta UPN. Baina azken horrek ez zuen boto bakar bat bera ere eskuratu eta hala, Herri Aierrizek segituko du udal taldean. Bihar 09:00etan osatuko dute udala.
Emaitzak:
- Xabier Cueto Martin: 44 boto
- Joxan Ruiz Miner: 40 boto
- Xabier Legarreta Etxarri: 40 boto
- Joan Mari Beasain Irazusta: 35 boto
- Kontxi Klaber Oiarbide: 28 boto
Baztan
EH Bildu izan zen alderdirik bozkatuena Baztanen eta ezusterik ez bada, EH Bilduko Fernando Anbustegik hartuko du alkate kargua bihar. 12:00etan egina dute udala osatzeko hitzordua.
Beintza-Labaien
Beintza-Labaienen Herriarengatik eta Herria Bizirik Taldea aurkeztu ziren udal hauteskundeetara, eta lehenbizikoak lortu zituen boto gehien eta beraz, bortz udal ordezkariak Herriarengatik taldekoak izanen dira. Goiztiarrenak izanen dira bihar: 08:00etan eginen dute udala osatzeko batzarra.
Emaitzak:
Herriarengatik
- Jon Telletxea Juanena: 92 boto
- Yolanda Urroz Saldias: 83 boto
- Jesus Juan Bertiz Goñi: 70 boto
- Lazaro Javier Eratsun Etxeberria: 68 boto
- Jose Antonio Mindegia Saldias: 65 boto
Herria Bizirik Taldea
- Alejandro Mindegia Otxandorena: 57 boto
- Mikel Grajirena Oteiza: 55 boto
- Mikel Albisu Gomez: 49 boto
- Txomin Karrikiri Telletxea: 46 boto
- Pablo Elizondo Matxinena: 26 boto
Bera
Hamaika ordezkaritik bederatzi eskuratuta, EH Bilduk nagusitasunez irabazi zituen hauteskundeak Beran eta hala, Aitor Elexpuruk segituko du alkatetzan. Bihar 11:00etan egin dute udalbatza osatzeko hitzordua.
Bertizarana
Andres Etxenikek segituko du bertze lau urtez Bertizaranako alkate izaten. Talde bakarra aurkeztu zen, eta Etxenikeren Bertizaranako Taldekoak izanen dira zazpi hautetsiak. Bihar 10:00etan dute udala osatzeko bilera.
Donamaria
Bertze lau urtetarako aginte makila hartuko du bihar Natalia Rekartek Donamarian. 10:30ean egin dute hitzordua.
Doneztebe
Hiru talde aurkeztu ziren Donezteben udal hauteskundeetan: EH Bildu, UPN eta PP. Eta botoen ia % 80 lortuta EH bildu nagusitu zen. Arantxa Arregi izanen da Doneztebeko alkate. Bihar 10:00etan bilduko dira.
Elgorriaga
Elgorriagan bihar 11:00etan egin dute udala osatzeko hitzordua. Independenteen zerrenda bat aurkeztu zen udal hauteskundeetara eta horien artean osatuko dute udala.
Emaitzak:
- Francisco Javier Ibarra Ibarra: 91 boto
- Iñaki Arrieta Idiakez: 71 boto
- Eva Martin Ibarra: 50 boto
- Itziar Martin Ibarra: 43 boto
- Jaione Irisarri Goienetxe: 35 boto
Etxalar
Etxalarren Herri Taldeko Xabier Etxartek hartuko du bihar 30 urtez Etxalarko alkate izan den Miguel Mari Irigoienen lekukoa. Bihar 12:00etan pasatuko da aginte makila Etxarteren eskuetara. Gainerakoan, Herri Taldeak lau ordezkari izanen ditu eta EH Bilduk hiru.
Ezkurra
Idoia taldeko bortz ordezkarik hartuko dute kargua bihar 10:00etan eginen duten batzarrean.
Emaitzak:
- Jaione Zabalo Juantorena: 47 boto
- Bautista Mariezkurrena Mariezkurrena: 35 boto
- Pello Zestau Juantorena: 30 boto
- Jose Mari Gogorza Jauregi: 25
- Ana Mari Otxandorena Telletxea: 13 boto
Goizueta
Talde berrituarekin Unai Mirandak segituko du Goizuetako alkate izaten. Bihar 10:30ean egin dute hitzordua. EH Bildu bakarrik aurkeztu zen eta bereak izanen dira ordezkari guztiak.
Igantzi
2016ko ekainetik Igantziko alkatea den Juankar Unanuak bere alkatetza berretsiko du bihar 09:00etan eginen duten batzarrean. Berarekin batera, Herri Taldeko zinegotziek hartuko dute kargua.
Ituren
Taldean aldaketa batzuk eginda, alkatearen aginte makilarekin segituko du bihartik aitzinera EH Bilduko Jabier Bereauk. Bihar 17:00etan osatuko dute udala eta orduan berretsiko dute kargua Bereauk eta bere taldekideek.
Leitza
EH Bilduko Mikel Zabaletaren eskuetatik talde bereko David Anauten eskuetara pasatuko da bihar Leitzako alkatetza. 12:00etan egin dute horretarako hitzordua. EH Bilduk hamaika hautetsietatik bederatzi lortu ditu Leitzan eta UPNk bi. Guztiek bihar hartuko dute kargua.
Lesaka
Lesakan ere EH Bildu izan da alderdirik bozkatuena udal hauteskundeetan, eta duela lau urte baino zinegotzi gehiago lortu du gainera. EH Bilduk zazpi ordezkari lortu ditu eta Ladis Satrustegik segituko du alkatetzan. Geroa Baik, berriz, lau ordezkari izanen ditu. Biharko hitzordua 12:00etan egina dute.
Oiz
Oizko Alkartasuna taldeko lau zinegotzik izanen dute ondoko lau urteetan udalaren ardura. Bihar 09:00etan bilduko dira.
Emaitzak:
- Jaime Urroz Telletxea: 37 boto
- Fidel Ariztegi Anso: 28 boto
- Miguel Ziganda Larraburu: 22 boto
- Rakel Ariztegi Ariztia: 20 boto
Saldias
Saldiasko Tandadi taldeko kideek bihar 15:00etan hartuko dute kargua.
Emaitzak:
- Iban Urrutia Eskudero: 40 boto
- Eneko Mitxeo Ezkurra: 35 boto
- Iñigo Zubeldia Telletxea: 28 boto
- Zorion Ezkurra Baleztena: 21 boto
- Markel Lizasoain Baleztena: 19 boto
Sunbilla
Sunbillan EH Bilduk segituko du alkatetzan, eta azken urteotan kargu horretan egon den Amets Indaren eskuetan segituko du aginte makilak. Bihar 10:00etan bilduko dira.
Urdazubi
Urdazubin ere orain arte alkate izan den Azkar taldeko Iñaki Ariztiak segituko du alkatetzan. Bortz zinegotzi izanen ditu bere taldeak, eta bi PPk.
Zugarramurdi
Bi talderen arteko lehia izan da hauteskunde hauetan eta Auzolanean taldeko hiru ordezkarik eta Akelarre taldeko bik hartuko dute bihar kargua, 09:00etan eginen dute batzarrean.
Emaitzak:
Hauteskundeen emaitzak honela gelditu ziren, eta lehenbiziko bortz ordezkariak izanen dira hautetsi:
- Argitxu Agerre Olaizola (Auzolanean): 71 boto
- Evaristo Mentaberri Mihura (Akelarre): 69 boto
- Juan Miguel Ariztegi Etxenike (Akelarre): 69 boto
- Jean Michel Olaizola Barberena (Auzolanean): 66 boto
- Mikel Mitxelena Etxebeste (Auzolanean): 55 boto
- Gerardo Eseberri de Carlos (Akelarre): 54 boto
- Manuel Soto Rodriguez (Akelarre): 53 boto
- Iñigo Arburua Apeztegia (Auzolanean): 44 boto
- Julene Arburua Fagoaga (Auzolanean): 42 boto
Legasako kontzejua
Legasako kontzejua ere bihar osatuko dute, eta 09:00etan egin dute horretarako hitzordua. Lau laguneko zerrenda aurkeztu zen Legasako Herria taldearen barrenean eta honela gelditu ziren emaitzak:
Emaitzak:
- Jesus Etxart Ansalas: 71 boto
- Aintzane Martirena Hernandorena: 56 boto
- Miren Koro Ibarra Santxotena: 41 boto
- Aritz Astibia Perurena: 37 boto
Oieregiko kontzejua
Azken urteotan ardura horretan aritu den Jose Nosellas bakarrik aurkeztu zen Oieregiko kontzejuaren ardura hartzeko, eta beraz, berak segituko du karguan. Bihar 11:00etan eginen dute batzarra.
Emaitzak:
- Jose Nosellas Zabalegi: 22 boto