Jaialdi ezin hobe batean erabakiko da, Elizondon, Emakume Master Cupek antolatutako San Fermin torneoko finala. Ekainaren 17an, larunbatean 18:30ean hasita jokatuko dituzte bi finalerdiak, Baztango udalaren laguntzaz antolatutako jaialdian.
Eskuz binakako eta banakako txapeldunak, Hiru Hiriburuak txapelketako garaileak, Nafarroako Foru Komunitatea irabazitako pilotariak... denek nahi dute uztailaren 8an Labriten jokatuko den final nagusian egon eta horretarako beraien onena atera beharko dute Baztan pilotalekuan, finalerdi orekatu eta irekiak geratu baitira.
Mendabian jokatutako aurre kanporaketaren ondotik, Goiuri Zabaleta-Gaminde /Aldai-Capellan eta Arrizabalaga-Oses/Garai-Galeano dira jokatuko diren finalerdiak eta ikuskizuna ziurtatuta dago, pilotarien maila ezagututa. Garai-Galeano eta Zabaleta-Gaminde indartsu eta konfiantza handiarekin helduko dira hitzordu honetara eta beti faborito diren Aldai eta Arrizabalagak onena eman beharko dute Iruñeko finalean izan nahi badute.
Jaialdia larunbatean 18:30ean hasiko da Elizondoko Baztan udal pilotalekuan, baina txapelketako partidak jokatu aitzinetik, herriko pilotari gazteek ere etxekoen aitzinean zuriz janzteko aukera izanen dute. Txaruta elkartea lan handia egiten ari da emakumeen esku pilotaren alde eta harrobiko neskatikoendako aukera paregabea izanen da larunbatekoa, euren dohainak erakusteko.