Arraioz Sagardia eta Doneztebe Titi zuzenean sailkatu dira laxoa txapelketaren finalerdietarako

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 13a, 19:00
Arraioz Sagardiak lehen postua eskuratu du lehen fasean eta finalerdietarako zuzenean sailkatu da, Doneztebe Titi taldearekin batera.

Final laurdenak jokatuko dituzte Doneztebe Apeztegia, Doneztebe The Moment, Oiz eta Irurita Migelene taldeak eta sailkapeneko azken hiru postuak dantzan daude oraindik

Asteburu honetan jokatu dira ligaxkako azken jardunaldiko partidak. Aipatzekoa Arraioz Sagardiak Doneztebe Apeztegiaren kontra lortutako garaipena, baita Doneztebe Titik Oizen irabazitako partida eta Irurita Migelenek Doneztebe Aviari irabazitakoa ere. Emaitza hauekin, Arraioz Sagardiak sailkapeneko lehen postua lortu du eta berarekin batera, Doneztebe Titi izanen da final erdietarako zuzenean sailkatu diren bi taldeak. 


Bertzalde, Doneztebe Apeztegia, Doneztebe The Moment, Oiz eta Irurita Migelenek final laurdenak jokatuko dituzte. Halere, oraindik gibeleratutako partida batzuk jokatzea falta da eta ez bakoitzak sailkapenean zein leku izanen duen ezin da jakin oraindik. Final laurdenetako partida horiek irabazten dituzten taldeek finalerdi handia jokatuko dute lehen bi sailkatuen kontra eta galtzen dutenek, berriz, finalerdi ttikiak, sailkapeneko zazpigarren eta zortzigarrenaren kontra. 

Sailkapenaren beheitiko aldetik, badirudi Doneztebe Avia eta Arraioz Zubiondoa izanen direla finalerdi ttikia jokatuko duten bi taldeak. Halere, oraindik garaipenik lortu ez duen Irurita Arkupek ere baditu aukerak. Horretarako, jokatzeko falta dituen bi partidak irabazi beharko lituzke.


Bederatzigarren jardunaldiko emaitzak

Arraioz Sagardia, 9 – Doneztebe Apeztegia, 5
Irurita Migelene, 9 – Doneztebe Avia, 3
Doneztebe The Moment – Arraioz Zubiondoa gibeleratua
Oiz, 3 – Doneztebe Titi, 9

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun