Elikadura Katearen Legea ez betetzeagatik ardi latxaren sektorea krisian dagoela ohartarazi du EHNEk

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 12a, 12:00

‘Katea ez dadila eten’ lelopean agerraldia egin zuen ortziralean EHNE sindikatuak Iruñean, Mercadonaren  supermerkatu baten aitzinean. Hainbat datu eman zituen eta horiek esku artean, Elikadura Katearen Legea ez betetzeagatik salaketa aurkeztuko duela jakinarazi zuen. Horrekin batera, legea betearazteko exijitu zien agintariei.

«Non gelditzen da abeltzaintza estentsiboaren aldeko apustua? Non dago arraza autoktonoen defentsa?». Galdera horiek aireratu zituen joan den ortziralean EHNE sindikatuak Iruñean egindako prentsaurrekoan. EHNEko idazkari nagusia den Patxiku Irisarri etxalartarrak hartu zuen hitza, Fermin Gorraiz sindikatuko lehendakariarekin batera. Elikadura Katearen Legea ez dela betetzen salatu zuten, eta egoera hori Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentzian salatzeko asmoa dute.

Ardi gaztaren ekoizpena

Ardi gaztaren ekoizpenari dagokionez, honela mintzatu ziren sindikatuko ordezkariak: «azken hiru hamarkadetan ardi latxaren sektoreak jatorri izendapenaren (Idiazabal eta Erronkari) aldeko apustua egin du, urte hauetan guztietan, intentsitate handiagoarekin edo txikiagoarekin, prezio diferentzialak ahalbidetu dituen babesa lortzeko. Baina une honetan ez da nahikoa ekoizpen baldintza errentagarriei eusteko, nahiz eta Erronkari eta Idiazabal oraindik ere hagitz preziatuak diren merkatuan, eta oraindik ere, banatzaile handiei interesatzen zaielakoz herrialdearen marketina eta salmenta egiteko».

Horren harira, supermerkatu haundietan prezioen artean dauden aldeak aipatu zituzten: «Erronkari jatorri izendapena duen gazta marka jakin bati jarraipena egin diogu. Joan den astean, Mercadonan kiloa 17,68 eurotan zegoen; Eroskin kiloa 23,49 eurotan; Alcampon kiloa 23,81 eurotan; eta Corte Inglesen kiloa 33 eurotan». «Merkatua ez dugu ulertzen».

EHNEko ordezkariek adierazi zutenez, «kilo bat gazta egiteko 6,5 litro esne behar dira. Litroaren kostua litroko 2,78 eurokoa da orain, eta, beraz, gazta kilo horren ekoizpen kostua 18,07koa izanen litzateke. Horri garraioa eta dendako salmentarena gehitu beharko litzaizkioke». Sindikatuaren hitzetan, horrek «argi eta garbi» uzten du, «kate handietan saltzen den kasu horietako batean Elikadura Katearen Legea urratzen ari direla».

Ardi esnearen ekoizpena: «Horrela ezin da lanik egin»

Ardi ekoizleen egoera «okerragoa» da EHNEren hitzetan. Eta datuak ere mahaigaineratu zituzten ortziralean. «Behatokiaren arabera, litro bat ardi esne ekoizteak 1,627 euro balio du. Ekoizpen kostua % 20 haunditu da 2021etik, eta % 31 2020tik. Elikadura gastuak 2020tik 2022ra % 54 hazi dira eta energia gastuak 2020tik 2022ra % 121». Sindikatuaren arabera, ekoizpen kostu horretatik «hagitz urruti» gelditzen da abeltzainei ordaintzen dietena: «gehienez 1,3828 ordaintzen zaie litroko. Logikoa denez, horrela ezin da lanik egin».

Kanpoko arrazen esnea garestiago

Irisarrik eta Gorraizek erran zutenez, «gaur egun garestiago ordaintzen da kanpoko arrazen esnea, latxarena edo Karrantzakoa baino. Espainiako Estatuan, historikoki, Gaztelako esnea izan da preziorik merkeena zuena. Orain hemengoak baino gehiago kotizatzen du».

Egoera ikusita, industriari ohar hau kontuan hartzeko eskatu zieten: «Elikadura Katearen Legea ez da betetzen ari. Sektoreak jarduera uzten badu, ibilbide gutti geldituko zaio industria horri. Prezioek eboluzionatu egin behar dute, bertze jatorri izendapen batzuetan egin duten bezala».

Erronkari eta Idiazabal izendapenen egoera

Erronkari eta Idizabal izendapenen egoeraren berri ere eman zuten. Alde batetik, «aurten apirilaren 30era arte Idiazabalgo ekoizpena % 4,4 jaitsi dela» aipatu zuten. «Horren arrazoia joan den urteko idorteak eragindako ekoizpen kostuen igoera bortitza izan da». Gisa berean, idortearen ondorioz, «hutsik dauden ardi gehiago izan direla eta ondorioz, ekoizpena guttitu dela» ere gaineratu zuten.

Bertzetik, Erronkari jatorri izendapenaren kasuan, 2020tik 2022ra «ekoizpena % 13 jaitsi» dela esplikatu zuten: «55.000 kilo gazta guttiago dira. Aurten 100.000 litro guttiago hartu dira lehenbiziko hiru hilabeteetan, hau da, 15.000 kilo gazta guttiago».

Horregatik agerian utzi dute «egoera kezkagarria» dela. «Premiazkoa da egoera hau bideratzea. Sektorea etengabeko krisian dago». Eta ortziralean supermerkatu bateko atean bildu ziren bezala, EHNEk ez du baztertu hurrengo batean industriaren aitzinera joateko aukera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun