Baztango eta Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuek genero indarkeria lantzeko formakuntza saioak egin dituzte

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 9a, 15:30

Arlo judizial eta psikologikotik landu dute gaia, eta talde feministen parte hartzea ere izan dute

Testua: Bortzirietako Berdintasun Zerbitzua

Indarkeria matxista kasuetan ematen den arretan profesionalen gaitasunak sakondu eta hobetzeko helburuarekin, Baztan eta Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuek formakuntza prozesu bat eraman dute aitzinera gure bailaretako profesionalekin. Malerrekan Berdintasun Zerbitzurik egon ez arren, bertako profesionalei ere gonbita luzatu zitzaien, lurralde osoan zehar genero indarkeriaren arretan gaitasunak hobetzeko helburuarekin.

Formakuntza prozesu hau indarkerian esku-hartzen duten arloako langile publikoei zuzendu zaie, baino horrez gain, mugimendu feministari zuzendutako saio ireki bat ere egin da, talde feministak emakumeentzat indarkeria kasuetan laguntza eskatzeko erreferente izan daitezkeela ulertuz.

Apirilaren 27an izan ziren lehen bi saioak Etxalarren, lehenik goizez langileei zuzendua eta arratsaldez mugimendu feministarekin egindako saio irekia. Irule Abokatuak elkartearekin gauzatu zen eta arlo judizialetik aztertu zen indarkeria matxistaren gaia.

Hirugarren eta laugarren saioak Elizondoko Arizkunenean egin dira, maiatzaren 25ean eta ekainaren 1ean hain zuzen ere. Saio hauek Psylan psikologia zentroko profesionalekin egin dira eta arlo psikologikotik aztertu zen genero indarkeriaren gaia.

Formakuntza prozesu honetan Baztango, Malerrekako eta Bortzirietako langile ugarik hartu dute parte, hala nola, Gizarte Zerbitzuek, Osasun arloko Gizarte langile, Sexu Osasun eta Ugalketa Zentroko langileek, Foruzaingoak, Udaltzaingoak, Berdintasun Zerbitzuek eta baita arlo pribatuko terapeutak ere.

Partaide kopuruari dagokionez, 21 pertsonek jaso zuten osotara arlo judizialeko formakuntza Irule Abokatuak elkartearekin. Psylan Psikologia Zentroak eginiko formakuntzari dagokionez, 23 pertsona izan dira guztira.

Baztan eta Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuek balorazio ona egin dute prozesu honen inguruan eta profesionalei formakuntzarako erremintak eskura jartzearen garrantzia azpimarratu dute, ezinbestekoa baita genero indarkeria kasuetan arreta egokia bermatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun