Lesakatik, Urdazubitik eta Amaiurtik pasako da aurtengo EuskarAbentura

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 10a, 12:00

Uztailaren 1ean hasiko da EuskarAbenturaren laugarren edizioa. Euskal Herriko eta diasporako 16 eta 17 urte arteko 125 gaztek euskararen lurraldea zeharkatuko dute oinez, uztailaren 31ra arte. Eskualdetik ere pasatuko da EuskarAbentura eta 125 gazte horien artean Doneztebeko batek parte hartuko du.  

400 kilometrotan kultura, osasuna, ekologia eta parekidetasuna bezalako baloreak indartzea izanen dute helburu EuskarAbenturan, «euskaratik eta euskaraz».

Berrikuntzak

Aurten diasporako bi gaztek parte hartuko dute EuskarAbenturan: Valentziakoa bat eta Buenos Aireskoa bertzea. 2019an izan ziren azkenekoz diasporako gazteak espedizioan.

Horrez gain, EHUko eta Iker-eko ikerlari bana ere EuskarAbenturan lanean ari dira. Azler Gartziak eta Iñigo Urrestarazuk gazteen ahoskeraren eboluzioa aztertuko dute, espedizioan, aitzinetik eta ondotik hartutako datuekin. Horiekin batera, Irati Fernandez euskara teknikariak Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako ikerketaren ardura izanen du; «EuskarAbenturak gazteen hizkuntza ohituretan eta hizkuntzekiko beren jarreretan duen eragina aztertu nahi du lan horrek».

125 gazteren artean doneztebar bat

Errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural anitzekoek parte hartuko dute EuskarAbenturan. Gehienak bizkaitarrak dira, 45 gazte (% 36); gipuzkoarrak 30 dira (% 24); Nafarroatik 26 etorriko dira, tartean, doneztebar batek parte hartuko du (% 20,8); Arabatik 12 (% 9,6); Lapurditik 5 (% 4); Nafarroa Beheretik 3 (% 2,4) eta Zuberoatik eta diasporatik bina (% 1,6). Taldearen % 57,6 emakumezkoa da (72 neska), % 41,6 gizonezkoa (52 mutil) eta generoa ez zehaztea nahiago izan duen gazte bat ere bada (% 0,8).

Eta gazteekin batera, 30 laguneko lantaldea joanen da: bi koordinatzaile, hamar xerpa edo begirale, lau xerpa laguntzaile, bi xerpa buru, hiru mediku, bi erizain, bi gidari, euskara teknikari bat, bi argazkilari, kamerarekin bat eta komunikazio arduradun bat.

Ibilbidea

EuskarAbenturak 32 herri zeharkatuko ditu, oinez 400 kilometro eginez. Maule, Pagola, Larzabale, Donibane-Garazi, Xabier, Irunberri, Urrotz, Iruña, Gares, Añana-Gesaltza, Argantzun, Gasteiz, Araia, Zerain, Ataun, Tolosa, Lesaka, Urdazubi, Amaiur, Baiona, Urruña, Donostia, Getaria, Deba, Ekainberri, Lekeitio, Nabarniz, Gernika, Sukarrieta, Bermeo, Bilbo eta Getxo.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun