Baztan-Errekako XLIII. laxoa txapelketako bederatzigarren jardunaldia jokatuko dute asteburu honetan. Halere, zenbait partida gibeleratu ere jokatuko dituzte hurrengo asteburuan ere eta horrela erabakia geldituko da zein talde ariko diren zuzenean finalerdietan eta final laurdenetako gurutzaketak.
Bederatzigarren jardunaldia
- Arraioz Sagardia – Doneztebe Apeztegia, larunbatean 16:30ean Arraiozen.
- Irurita Migelene – Doneztebe Avia, igandean 16:00etan Doneztebeko Bear Zanan.
- Doneztebe The Moment – Arraioz Zubiondoa, gibeleratua.
- Oiz – Doneztebe Titi, igandean 18:00etan Oizen.
- Atsedena: Irurita Arkupe
Final handia eta final ttikia
Aurten, konpetizio sistema aldatu da eta final ttikia eta handia izanen ditu laxoa txapelketak. Ligaxkako bi lehenbiziko sailkatuak zuzenean final handiko finalerdietarako sailkatuko dira. Hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatzen diren laukoteek final laurdenak jokatuko dituzte. Irabazleek final handiko finalerdiak jokatuko dituzte, bi lehenbiziko sailkatuen kontra eta galtzaileek final ttikirako finalerdiak jokatuko dituzte, zazpigarren eta zortzigarren sailkatuen kontra. Beraz, ligaxkako bederatzigarren sailkatua bakarrik geldituko da txapelketatik kanpo. Uztailaren 29an jokatuko da final ttikia eta abuztuaren 5ean final handia eta hirugarren posturako lehia, hiru partidak Oizen.