Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak maiatzaren 29an iragarri zuen Espainiako Gorteetarako hauteskundeak uztailaren 23an izanen direla, eta biharamunean argitaratu zuten deialdia Espainiako Aldizkari Ofizialean.
Hauteskunde Batzordeak onartu du uztailaren 23a herritar aunitzentzat opor garaia dela, eta hala, egoera horretan daudenek hauteskunde mahaian ez egoteko aukera izanen dute. Beti ere, oporrak hauteskundearen deialdia baino lehen, hau da, maiatzaren 30a baino lehen, hartuak dituztenek izanen dute mahaitik libratzeko aukera, eta «agiri bidez egiaztatu beharko dute kalte ekonomikoa edo nahasmendu larria» eragiten diela. Horrekin batera, eskualdeko hauteskunde batzordeak mahaiak osorik eratuak izanen direla bermatu beharko du.
Ekainaren 24tik 28ra bitarte eginen dituzte hauteskunde mahaian egoteko zozketak, eta Hauteskunde Batzordeak hiru eguneko epea izanen du jakinarazpena bidaltzeko. Horren ondotik, mahaian egotea tokatu zaionak zazpi eguneko epea izanen du alegazioak aurkezteko, eta Hauteskunde Batzordeak bortz egun izanen ditu erreklamazioa ebazteko.
Posta bidezko botoa
Bertzetik, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan posta bidezko botoa emateko pauso guztietan aurkeztu beharko da nortasun agiria. Hala ebatzi du Espainiako Hauteskunde Batzordeak. Orain arte, botoa bidali behar zenean ez zuten nortasun agirik eskatzen, baina hemendik aitzinera bai. Maiatzaren 28ko hauteskundeetan posta bidezko botoak erosi zirela zabaldu zen, eta horren ondorioz hartu du erabakia.