'Sorionekuak' dinamika herritarrak larunbaterako antolatutako mobilizazioetan parte hartzera deitu du Bor-Borrek

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 9a, 07:00
Sorionekuak euskararen aldeko dinamika herritarrarekin bat egin du Bor-Bor Bortzirietako Euskaltzaleen mugimenduak eta larunbatean Iruñean parte hartzeko deia egin du.

Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduak bat egin du ekimenarekin, eta euskara Nafarroa osora hedatzeko aldarria eramanen du Iruñera

Sorionekuak euskararen aldeko dinamika herritarra da, hizkuntza-eskubideak errespetatzearen aldeko deia egiten duena, herritar guztien berdintasunaren aldekoa, eta euskararen harrotasuna zabaltzeko asmoa duena. Euskara nafar guztiona dela aldarrikatzeko larunbaterako hainbat ekimen antolatu ditu Iruñean, eta 17:30etik aitzinera mobilizazioa Antoniutti parkean. 

Larunbateko ekitaldiak ardura politikoa exijituko die orain eratuko diren udalei eta Gobernuari, bazterketekin bukatu eta euskaldunok lehen mailako herritar izateko dugun eskubidea aldarrikatzeko. Eskubide guztiak herritar guztiei bermatzeko deia da larunbatekoa, eta euskarari bere lekua eta prestigioa eskatzekoa.

Bor-Bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduak Bortzirietan eragin nahi badu ere, «ezin diegu muzin egin Euskal Herri osoan gertatzen diren hizkuntza-zapalkuntzei, eta, bereziki Nafarroako egoeraz jabetuta, Sorionekuak mugimenduak egiten duen aldarria geure egiten dugu. Atxikimendua ematearekin batera, Bortzirietako herritarrak ere deitzen ditugu larunbateko ekitaldietan parte hartzera».

Sorionekuak besta egun osoan

Ekainaren 10ean, larunbatean. Egun opasa egiteko aitzakia ezin hobeak antolatu dituzte Iruñeko Bosquecillo parkean.

11:00etan Tailerra eskuak egin eta margotzeko,  Eskuahaldunak elkartearen eskutik, 11:00etatik 14:00etara Puzgarriak eta gazteentzako jolasak, erraldoiak, dantza ikuskizuna, 12:00etan DJ Bermuta, 12:30ean Gora bihotzak haurrentzako ikuskizuna. 13:00etan Kantuz eta 14:00etan bazkari herrikoia. 16:30ean, karrikak alaitzeko Igandea txarangak joko du eta arratsaldean, ekimen nagusia, zentrala, mobilizazio herritarra. 17:30ean abiatuko da, hemendik hurbil, Antoniutti parketik txarangak, fanfarreak, kirol taldeak, dantza taldeak, egitasmo anti-arrazistak, mozorroak, Iruñeko peñak, herri ezberdinetako kultur egitasmoak eta abar luze batek lagunduta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun