Oraingoan zuri zuzentzen gatzaizkizu, bide honetan ezinbestekoa zaren herritar horri. Zuek zarete gure herriak bizi-bizirik mantentzen dituzuenak. Zuek zarete gure herrien arnas eta akuilu. Eta, horregatik, eskerrik asko bihotz-bihotzez emandako babes eta bultzadagatik.
Ez da erraza izan EH Bilduko alkategai izateko konpromisoa hartzea, gure herrietako udaletan jarduteko ardura hartzea urrats handia baita. Baina maiatzaren 28an herriz herri lortutako emaitza ikusgarriak gure erabakia berretsi eta indartu egiten du. Gure herrietako herritarron bizitzak hobetze bidean gure onena ematea, alegia. Herritarren zerbitzura jardutea, herritik eta herriarentzat lema errealitate eginez. Egunerokoan elkarlanean ekinez. Eta, nola ez, denentzat bizigarriagoa den herri bat eraikitzen jarraitzea, babesa eman diguzuenontzat eta oraingoan babesa eman ez diguzuen guztiontzat.
Jakin badakigu gure herrietan bizi duinak garatu ahal izateko hamaika erronka ditugula. Izan lanpostu duinak sortzeari begira, izan etxebizitzarako sarbidea eskuragarri egiteari begira, izan aurrean dugun krisi ekosozialagatik, izan herri euskaldunago bat sortzeari begira, edota izan pertsonak erdigunean izanen dituen zaintza ekosistema eraikitzen jarraitzeari begira.
Eta bide hau, ezinbestean, zuekin egin beharko dugu, elkarlanean eta auzolanean, herritik eta herriarentzat. Ekainaren 17an udal talde berrietako kideok gure ardurak hartzen ditugunetik aurrera, beraz, hauxe bera izanen da gure bidea.
Amaitzeko, ezin aipatu gabe utzi, maiatzaren 28an bezala, uztailaren 23an ere aukera garrantzitsua dugula hemen eta oro har Nafarroan bestelako herri bat badela ozen adierazteko. Norabide horretan, egin berri dugun bezala, uztailaren 23an berriz ere eginen dugu eta gure egunerokoan zuekin batera egiten jarraituko dugu.