San Fermin torneoa ere martxan paratu du Ados pilota elkarteak

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 7a, 11:00
San Fermin torneoaren aurkezpena egin zuen astearte arratsaldean Ados pilota elkarteak. Jardunaldi bat Erratzun jokatuko dute ekainaren 30ean.

Hamabi pilotarik hartuko dute pate, hiruna bikoteko bi taldetan banatuak eta uztailaren 5ean jokatuko dute finala Labriten

Urtean zehar txapelketa ugari jokatu arren, Ados Pilota Elkartearen San Fermin torneoak xarma berezia duela argi gelditu zen ekainaren 6an (sanferminetako eskaileraren azken aurreko koxkan) egindako aurkezpenean. Iazkoa izan zen Iruñeko peñekin batera antolatzen zuten lehen aldia. Orduan ANELA elkartearen alde egin zen txapelketa eta aurten berriz, Saray elkarteak, Nafarroako bularreko minbiziaren  elkarteak, hartuko dio txanda. Honen harira, Izaskun Etxetxipiak eskerrak eman zizkion Ados Pilotari erronka onartu eta elkartearen alde horrelako ekimena aitzinera eramateagatik.

Honez gain, Maria Caballero Iruñeko udal zinegotziak balio handia eman zion Ados Pilotak egiten duen lanari eta horrelako ekimenak bultzatzearen garrantzia azpimarratu zuen. Beatriz Preciadok, bere aldetik, bigarrenez Reyno Gourmet babesle bezala egotea goraipatu zuen.

Lehen partida ekainaren 10ean Irunberrin, finala uztailaren 5ean Labriten

Txapelketari dagokionez, goi mailako 12 pilotarik hartuko dute parte hiruna bikoteko bi taldetan banatuta. A taldean, Aldaregia-Ruiz de Larramendi, Ruiz Infante-Mendiburu eta Arrieta-Mujika ariko dira. B taldean, berriz, Etxekolonea zubietarra eta Agirre, Barrokal-Orbegozo eta Iturriaga leitzarra eta Etxebeste beratarra ariko dira.

Larunbatean bertan Irunberrin hasiko da txapelketa, Etxekolonea zubietarrak eta Agirrek, Barrokal eta Orbegozoren kontra jokatuko duten partidarekin. Tiebas, Ubide, Erratzu, Arroniz eta Eulate bisitatuko ditu ondotik. Nola ez final handia Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko dute uztailaren 5ean, talde bakoitzeko lehenbizikoek. 

Ekainaren 18an Tiebasen, Iturriaga eta Etxebeste, Etxekolonea eta Agirreren kontra ariko dira. Ekainaren 30ean Erratzun jokatuko den partidan, berriz, Ruiz Infante eta Mendiburu, Arrieta eta Mujikaren kontra ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun