Arkupeak elkarteko bazkideak Norvegian dabiltza bidaian

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 6a, 16:00

Arkupeak elkarteko zapi berdea munduan barrena erakusten ari dira 167 bazkide. Pasa den astetik Norvegian dabiltza bertako naturaz eta fiordoetaz gozatzen.

Ekainaren 1ean 122 lagun atera ziren Norvegiako Fiordoetan barrena itsas bidaia egiteko. 60 bazkide Madrilgo aireportutik eta 62 Bartzelonako aireportutik. Madrilgoek hegaldia zuzenean egin zuten Hanburgoko aireporturaino, baina, Bartzelonakoek lehenik Frankfurt-era joan behar izan zuten eta han bertze hegazkin bat hartu Hanburgoraino. Behin Hanburgon autobus batek hartu zituen itsasontzira eramateko.

Bertze 45 laguneko talde bat ekainaren 2an atera zen Madrildik eta hauek Kopenhageko aireportura joan ziren. Handik portura eraman zituzten, itsasontzira.

Aste betez Kiel, Kopenhage, Hellesylt, Geiranger, Haugesund, Stavanger eta berriro Kieleko portuak bisitatuko dituzte. Horrez gainera, bertze lau irteera egiteko aukera ere izan dute:  Kopenhageko Sirena eta erregeren jauregia, Skudenshavn herri zoragarria, Lysefjord fiordoa itsasontziz eta Briksdal glaziarra. Azken orduan, plaza gutiegi zeudela eta, ezin izan zuten denek Briksdal glaziarra bisitatu, eta horren ondez Strandatik Trollstingenerako bidea egin zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun