Aritz Juanenea saldiastarra Sagardoaren txapelketaren finalean izanen da

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 6a, 11:00
Josetxo Ezkurra pilota astintzeko prest, Aritz Zubiri eta Aritz Juanenea erne begira dituela, asteleheneko final borrokatuan.

Segurolarekin batera, doi-doi irabazi zien asteleheneko finalerdian Josetxo Ezkurra doneztebarrari eta Aritz Zubiri goizuetarrari

Aritz Juanenea saldiastarra izanen da eskualdeko erremontista bakarra ekainaren 12an Galarretan jokatuko den Sagardoaren Txapelketako finalean. Astelehenean jokatu zen finalerdian, Segurolarekin batera, doi-doi irabazi zien Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrari eta Aritz Zubiri goizuetarrari, hiru jokoren ondotik (13-15, 15-13 eta 5-2).

Lehia estua izan zuten bigarren finalerdian. Lehen jokoa urdinek irabazi zuten, Ezkurra II.ak eta Zubirik (13-15) eta bigarrena gorriek, emaitza berarekin. Azken jokoan, Segurola eta Juanenea nagusitu ziren eta finalerako txartela lortu zuten. Urriza eta Martirenaren kontra jokatuko dute final hori ekainaren 12an, lehen finalerdian Goikoetxea V.ari eta Barrenetxea IV.ari irabazi baitzieten bi jokotan (15-14 eta 15-2).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun