Kukuprakak loratu dira Udaberri Torneoko finalean

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 5a, 16:00
Udaberri Torneoko podiumean, Kukuprakak txapeldun eta Bitxiloreak txapeldunorde.

Bitxiloreak taldeari irabazi zioten ortziralean Beasainen, tantoen aldeari esker, partida bana irabazi baitzuten

Udaberri betean Kukupraken loraldia izan zuten ekainaren 2an Beasainen. Hilabete iraun duen Ados elkartearen txapelketa berritzaile eta ederrean Kukuprakak taldeak lortu zuen garaipena, Bitxiloreak taldeari tantoen aldearengatik irabazita.

Harmailetan giro ederrarekin pilotazale eta pilotariak egun handia bizitzeko asmotan hurbildu ziren Antzizar pilotalekura. Ohiko moduan lau eta erdiko partidarekin ekin zitzaion jaialdiri. Ainhoa Ruiz de Infante eta Naroa Agirre aurrez aurre, Zubietan bezalaxe eta beste behin Ruiz de Infantek partidu ederra jokatuta Bitxiloreentzat lehen puntua poltsikoratu zuen (18-10). Dena den, txapelketa guztian zehar ikusi den moduan partida galduta ere egiten diren tanto kopuruak binakakoan balantza alde batera edo bestera eragitea ekar dezake. 

Binakako partiduan erronka zaila zuten aurretik Kukuprakek, hain zuzen partidua irabazi eta aurkariak 13 tanto eginda uztea. Markagailuari begira jokatu behar izaten diren partidak ez dira kudeatzeko errazak izaten eta ortziralek horren erakusle izan zen. Kukuprakak (Iera Agirre Iturriaga leitzarra eta Orbegozo) deus galtzekorik gabe atera ziren kantxara egoerari buelta emateko beraien jokoan konfiantza handia erakutsiz. Bitxiloreak, aldiz, Naroa Elizalde Etxekolonea zubietarra eta Irantzu Etxebeste Iantzi beratarra, urduri kantxaratu ziren eta ez zuten partida guztian zehar tentsio hori kudeatzeko teklarik aurkitu. Iera Agurre Iturriagak saketik min ikaragarria egin zuen eta inork pentsa zezakeena baina garaipen errazagoa lortu zuten.

Nahiz eta pilotazaleek emozio gehiago nahi izan bertsolari eta pilotarien arteko lehen txapelketa honek zapore ederra utzi du.

Txapeldunik ez da txapelik gabe eta oraingoan sari banaketan Leire Artola Beasaingo alkateak eta Elena Ruiz kirol zinegotziak hartu zuten parte. Ezin ahaztuko dugu txapelketa hau berezi egin duten beste protagonistek, bertsolariek, ere merezi zutela gu denon eskertza. Horregatik Adosen izenean Aitor Sarriegik eta Nerea Elustondok pilotariek bezalaxe zegokien oroigarri eta txapela jaso zuten. 

Amaiera bikaina beraz, udaberri bete betean loratu den txapelketa berri honentzat. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun