Haira Aizpurua saratarrak irabazi du Euskal Herriko Eskolarteko bertsolari txapelketa

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 5a, 09:00
Haira Aizpurua Ibargarai saratarrak bigarrenez irabazi du Euskal Herriko Eskolartekoa.

Eki Mateorena Zozaia leitzarra txapeldunorde izan da

Haira Aizpurua Ibargarai saratarrak irabazi du Euskal Herriko Eskolarteko bertsolari txapelketa. Larunbatean jokatu zen finala Iurretan (Bizkaia) eta Anttonmari Aldekoa-Otalorak jantzi zion txapela. 180 lagun bildu dira Iurretako Kepa Arroitajauregi frontoian, saioa bertatik bertara jarraitzeko. Hamar bertsolari aritu ziren guztira kantuan, lurraldeetako ordezkari. Eki Mateorena Zozaia leitzarra izan da txapeldunorde.

Iurretako frontoian jokatu da 35. Euskal Herriko Eskolartekoa, 180 lagun ingururen aurrean. Bertan aritu dira kantuan hamar bertsolari, lurraldeetako ordezkari. Arabatik, Maddi Agirre eta Sabin Abarrategi aritu dira; Bizkaitik Haizea Telleria eta Ixone Asategi; Gipuzkoatik, June Aiestaran eta Danel Etxeberria; Lapurditik, Haira Aizpurua saratarra eta Ibai Lekuona; eta Nafarroatik, Kattin Madariaga aranztarra eta Eki Mateorena leitzarra. Igor Meñika aritu da aurkezle lanetan, eta Beñat Vidal gai-jartzaile. Epaile lanak, berriz, Beñat Romerok, Aitor Jimenezek, Nerea Bruñok, Lur Renteriak eta Oihana Arangurenek egin dituzte.

Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finalean aritu ziren hamar bertsolariak.

Hasierako agurren ondotik, lehen atalean zortziko handian eta zortziko txikian aritu dira bertsolari guztiak, binaka. Horietatik, sei sailkatu dira bigarren zatira: Danel Etxeberria, Eki Mateorena, Haira Aizpurua, June Aiestaran, Kattin Madariaga eta Maddi Agirre. Puntu bati erantzun eta bakarka gaiari bertso bat kantatu behar izan diote sei horiek. Azkenean, Haira Aizpuruak lortu du 2023ko Euskal Herriko Eskolarteko txapela, bigarrenez (2021ean ere jantzi zuen), eta Eki Mateorena izan da txapeldunorde. Anttonmari Aldekoa-Otalorak jantzi dio txapela txapeldunari; txapeldunordeari, berriz, Bertsozale Elkarteko lehendakari taldeko Xabi Igoak eman dio saria. Beste parte hartzaile guztientzako ere izan dira oroigarriak.

Haira Aizpurua, txapelarekin, azken agurra kantatzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun