Errigorarekin elkarlanean hasi dira Senpereko Suhari enpresako eta Amaiurko eskolako jantokietan

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 4a, 12:00

Bertze pauso bat eman du Errigorak, eta ikastola, eskola eta lantegietako jantokietara salto egin du. Euskal Herriko 20 jantokik egin dute bat ekimenarekin, eta hala, irailetik aitzinera Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko produktuak sartuko dituzte euren plateretan. Tartean daude Amaiurko eskolako jantokia eta sukaldaritza kolektiboan espezializatua den Senpereko Suhari enpresa.

Errigoran parte hartzen duten zazpi ekoizleren olioa, tomatea, piperra, arroza, txitxirioak, dilistak, pasta eta zainzuriak ailegatuko dira ekimenarekin bat egin duten 20 jantokietara. Errigorak adierazi duenez, «elkarlan honetan, aukera dugu tomatea, arroza edo olioa bezalako produktuak aldi berean biltegiratzeko, plater osasuntsu eta kalitatezkoak prestatu ahal izateko, bertatik bertara zirkulua osatuz. Eta gainera euskara eta auzolana bezalako balioak sustatuz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun