Urrezko Aizkolarien banakako txapelketaren finala igande eguerdian jokatuko dute Azpeitian

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 2a, 17:00
Igande eguerdiko finaletan Azpeitian lehiatuko diren kirolarietako batzuk eta antolatzaileak, aurkezpenean.

Kategoria nagusian Iker Vicente, Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a lehiatuko dira

Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketa Eusko Label Sariko hogeita seigarren edizioko finalak ekainaren 4an, igandean 12:00etan jokatuko dituzte Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Aizkoran lau kategorietan eta harri-jasotzen gizonezkoek bakarka eta emakumeen binaka jokatuko dituzten finalez gain, Maddi Gesalaga harri-altxatzaile zarauztarra ehun kiloko laukizuzena eta pisu bereko harri zilindrikoa altxatzen saiatuko da.

Aizkolariei dagokienez, urrezko maila nagusian, Otsagiko Iker Vicente, Azpeitiko Mikel Larrañaga eta Azkoitiko Julen Alberdi Txikia IV.a ariko dira. Zortzi enbor moztu beharko dituzte, modalitate ezberdinetan .

23 urtez beheitikoen gazte mailan Hodei Ezpeleta (Eibar), Jokin Urretabizkaia Basozabal eta Xuban Kañamares V.a (Arostegi) ariko dira. Bosna enbor moztu beharko dituzte.

18 urtez beheitiko gaztetxo mailan, berriz Igoin Pikabea (Hernani), Unai Etxeberria Osinalde (Ezkio) eta Kimetz Oñederra Aittola (Deba) ariko dira 45 ontzako lau enbor mozten.

15 urtez beheitikoen mutiko mailan, azkenik, Jakes Iruretagoiena Izeta V.a (Zarautz), Jon Zaldua II.a (Zumarraga) eta Unai Romairone (Segovia) ariko dira, 36 ontzako bi enbor moztera.

 

Harri-altxatzen, gizonezkoak banaka eta emakumeak binaka

Hiru hamar arroako harri-altxatze txapelketan, Paulo Azpiazu (Osintxu), Xabat Olaizola (Zarautz) eta Mikel Lopetegi Urra (Zarautz) ariko dira, txapelketaren izenak dioen bezala, hamar arroa edo 125 kiloko harri laukizuzen, kubiko eta borobilarekin.

Binakako emakumezkoen harri-altxatze txapelketan, Karmele Gisasola Zelai III.a (Mallabia) eta Ainitze Zumeta (Zarautz), alde batetik, eta Lucia Orbe (Bilbo) eta Lierni Osa (Zarautz), bertzetik, ariko dira.

Sei final hauetaz gain, Maddi Gesalaga, 14 urteko harri-altxatzaile zarauztarra, ehuna kiloko harri zilindrikoarekin eta laukizuzenarekin marka egiten saiatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun