Udaberriko erremonte profesionaleko Caixabank Sari Nagusiko final laurdenetako ligaxkako bederatzigarren jardunaldia jokatuko dute ekainaren 4an, igandean 11:00etan Cintruenigoko kiroldegiko pilotalekuan. Eloi Otxandorena doneztebarra eta Ion, Zeberio II.aren eta Otanoren kontra ariko dira.
Bi bikoteek oraindik badute finalerdietarako sailkatzeko aukera. Otxandorenak eta Ionek 33 tanto egitea aski izanen dute 8 puntutara ailegatzeko eta Zeberiok eta Otanok, aldiz, irabazi egin behar dute 8 puntu horietara ailegatzeko.
Jaialdia hasteko partidan, Oses eta Dabid Mitxeo doneztebarra, Xuban Iturregi iruritarraren eta Baztanen kontra ariko dira.
Gainera, jaialdi honetan, Cintruenigoko udalak eta Erremonte Fundazioak omenaldia eskainiko die Osasuna futbol taldean ari diren herriko bi futbolariri: Merche Izal Garciari eta Diego Moreno Garbayori.
Txapelketa osoko jaialdietan bezala, Cintruenigokoan ere hamar euro ordaindu beharko da (16 eta 22 urte artekoek bortz euro eta ttikiagoek doan) eta sarreran biltzen dena ADANO elkartera bideratuko da.