Maiatzaren 30ean, astearte arratsaldean egin zuten finalaren aurkezpena Beasainen bertan, eta udaleko ordezkariekin batera finaleko protagonistak ere gogotsu agertu ziren ortziralean biziko duten lehia ederraren atarian.
Elena Ruiz, Beasaingo kultura zinegotziak berriz ere Beasainen horrelako ekitaldiak ekartzearen garrantzia azpimarratu zuen, bereziki gainera emakumeen pilotari bultzada emanez.
Lehiari dagokionean, Bitxiloreek eta Kukuprakek biek adierazi zuten Zubietan elkarren aurka jokatutako norgehiagokak ez duela zerikusirik izanen erreferentzia moduan, izan ere Zubietako plaza eta Beasaingo pilotalekuaren arteko aldea nabaria da. Bitxiloreetan orain arte Ainhoa Ruiz de Infantek buruz buru jokatu dituen partidu guztiak irabazi ditu eta Kukupraketan aldiz Iera Agirre Iturriagak eta Oihana Orbegozok binaka gauza bera egin dute. Beraz, estrategia ongi pentsatu beharko dutela nabarmendu dute bi taldeek.
Baina pilotariez gain ezin ahaztuko ditugu torneo honetan protagonista izan diren botillero bertsolariak ere. Ilusio handiz ekin zioten txapelketari eta Aitor Sarriegi zein Nerea Elustondo gogotsu daude ortziralean biziko den egun handian abesteko.
Osagai guztiak prest beraz txapelketa eder eta berritzaile honi amaiera ezin hobea emateko. Gogoratu finala Hamaika telebistan eta Berrian ere zuzenean ikusteko aukera izanen dela ortziralean 19:00etan hasita.