EH Bildu izan da eskualdean indarrik bozkatuena eta Nafarroa mailan, hirugarrena. Bederatzi parlamentari lortu ditu, duela lau urteko hauteskundeetan baino bi gehiago. Bederatzi horien artean izanen dira Xebe Txoperena Matxikote Lesakan bizi den igantziarra eta Mikel Zabaleta Aramendia leitzarra. Txoperena hainbat agintalditan Lesakako zinegotzi izana da eta hauteskunde hauetan laugarren aurkeztu zen EH Bilduren Nafarroako Parlamentuko zerrendan; Zabaleta, berriz, azken bi agintaldi hauetan Leitzako alkate izan dena, bederatzigarren aurkeztu zen. Azken udal hauteskunde hauetan Leitzako zinegotzi izateko ere aukeratua izan da.
Bertzetik, UPN izan da alderdirik bozkatuena Nafarroan. 15 ordezkari lortu ditu eta horietako bat izanen da sortzez Elizondokoa den Ana Elizalde Urmeneta. Zerrendan hamargarren aurkeztu zen. 2007-2011 eta 2019-2023 agintaldietan Iruñeko Udaleko zinegotzia izan da eta UPNko komite exekutiboko kidea da.
Gainerakoan, PSN-PSOEk 11 parlamentari lortu ditu, Geroa Baik zazpi, PPk eta Zurekinek hiruna eta Voxek bi. Alderdi horietan ez dago eskualdeko ordezkaririk.