Lurraldez lurralde eskolarteko bertsolari txapelketak jokatu ondotik, dagoeneko zehaztua da zein hamar bertsolari ariko diren larunbatean Iurretako (Bizkaia) Kepa Arroitajauregi frontoian eginen duten Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan. Ipar Euskal Herriko finalera lapurtarrak bakarrik sailkatu ziren, eta beraz ez da Baxenabarreko eta Zuberoako bertsolaririk izanen finalean.
Herrialdez herrialde hamar bertsolari hauek ariko dira kantuan: Gipuzkoatik June Aiestaran eta Danel Etxeberria; Nafarroatik Kattin Madariaga eta Eki Mateorena; Arabatik Maddi Agirre eta Sabin Abarrategi; Bizkaitik Haizea Telleria eta Ixone Asategi; eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako ordezkariak Haira Aizpurua eta Ibai Lekuona izango dira.
Finalerako sarrerak doan dira, baina aitzinetik gonbidapenak eskatu behar dira esteka honetan.