Tourra ongietorria ez dela aldarrikatzeko eginen duten bizikleta bira Baztandik eta Malerrekatik pasatuko da

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 27a, 12:00
Argazkia: Twitter @LeTour

Uztailaren 1etik 8ra bitarte bizikletaz zortzi eguneko bira antolatu du Herribiltza elkargoak. Gisa honetara, Frantziako Tourra Euskal Herrian ez dela ongietorria adierazi nahi dute, bertzeak bertze, baita independentzia aldarrikatu ere

Uztailaren 1etik 8ra ibiliko den bizikleta bira, herriz herri lekukoa pasatuz ibiliko da. Lekukoa eraman nahi duten taldeek herribiltza@riseup.net helbidera idatzi beharko dute. Eskualdean uztailaren 6ko goizean Baigorritik Erratzura sartuko da bizikleta martxa, Erratzutik Arizkunera joanen da Elizondora ailegatu arte. Elizondotik Donezteberako bidea hartuko du eta Doneztebetik Jauntsaratsera eta Irurtzunera joan-etorria eginen du.

Horrez gain, elkarretaratzeak ere eginen dituzte: uztailaren 1ean Bilbon, uztailaren 2an Donostian eta uztailaren 3an Baionan.

Independentziaren alde

«Independentzia aldarrikatzeko, herri bat garela adierazteko, lehentasunez euskaraz aritzeko, laguntasuna bizitzeko, euskal herritarrok elkar ezagutzeko, herri mugimenduko taldeak topatzeko, Herribiltza ezagutarazteko, Euskal Herrian bizikleten ekoizpen buruaskia bultzatzeko, bizikletaren erabilpena sustatzeko, bizikletendako bide egokiak eskatzeko, hozte klimatikoa eragiteko eta Frantziako Tourra Euskal Herrian ez dela ongietorria errateko». Halaxe bildu ditu Herribiltza elkargoak bira antolatzearen arrazoiak.

Frantziako Tourraren kontra

Frantziako Tourraren kontra agertu da Herribiltza eta horren harira, arrazoi zerrenda luzea eman du: «Frantziako agintariek Euskal Herria zapaltzen dutelako; Frantziako Tourrak Ipar Euskal Herria Frantziako lurraldetzat kontsideratzen duelako; Frantziako Tourra panem et circensesen (ogia eta zirku jokoak) politika delako: jendeari janaria eta jokoak eman, munduko arazo larriei eta bidegabekeriei arretarik eman ez diezaion…».

Euskal Autonomia Erkidegoko instituzio publikoek Frantziako Tourrera bideratu duten diru kopurua ere salatu du elkargoak: «Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak 14,2 milioi euro bideratuko dituzte». Horrekin batera, «Frantziako Tourra antolatzen duen enpresak urtero hamar milioika euro langileen bizkar irabazten dituela» kritikatu du. Eta gehiago ere salatu du: «Frantziako Tourra, Vuelta, Mundiala, Joko Olinpikoak… eragiten dituzten bidaiak eta kontsumoa, eta ondorioz, kutsadura eta beroketa klimatikoa, arduragabekeria hutsa dira».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun