Nafarroako Herriarteko pilota txapelketako hirugarren jardunaldia gaur abiatuko da

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 26a, 10:00

Eskualdeko pilotariak herriarteko pilota txapelketan ariko dira asteburuan.

Nafarroako Herriarteko pilota txapelketaren hirugarren jardunaldia egunotan jokatuko da Herriarteko nagusian Baztan eta Goizueta eta Leitza eta Lesaka izanen dira aurrez aurre eta Doneztebek Ultzama hartuko du. Herriarteko txikian, berriz, Doneztebe eta Goizueta eta Baztan eta Lesaka arteko “derbiez” gain, Berak Agoitz hartuko du etxean eta Leitzak atseden izanen du.

Herriarteko nagusia

Herriarteko txapelketa nagusiko hirugarren jardunaldi honetan, hasteko, Doneztebe eta Ultzamaren arteko lehia izanen dute maiatzaren 26an, ortziralean 18:00etan hasita Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan.

Baztan eta Goizueta izanen dira aurrez aurre maiatzaren 27an, larunbatean 18:00etan hasita Iruritako Aranabia pilotalekuan.

Maiatzaren 28an, igandean 10:30ean hasita, azkenik, Leitzako Amazabal pilotalekuan Leitza eta Lesaka ariko dira lehian.

 

Herriarteko txikia

Nafarroako Herriarteko pilota txapelketa txikian ere hiru bikote ari dira lehian, kasu honetan, benjamin, alebin eta  infantil mailakoak.

Maiatzaren 26an, ortziralean 18:30ean, Berako Eztegara pilotalekuan Bera eta Agoitz izanen dira aurrez aurre.

Maiatzaren 27an, larunbatean 10:00etan hasita, Doneztebe eta Goizuetaren arteko lehia izanen dute Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Egun berean, larunbatean 11:00etan hasita, Baztan eta Lesaka nor baino nor gehiago ariko dira Elizondoko Baztan pilotalekuan.

Leitzako txikiek atseden izanen dute asteburuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun