Hauteskunde arratsaren jarraipen berezia ERRAN.EUSen

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 26a, 16:30

Udaletako eta Nafarroako Parlamentuko hauteskundeak izanen dira igande honetan, eta TTIPI-TTAPAk eta XORROXIN IRRATIAk zuzeneko jarraipen berezia eginen dute. TTIPI-TTAPAk emaitzak ERRAN.EUSen argitaratuko ditu eta herriz herriko emaitzak kontsultatzeko aukera izanen da. Hurrengo TTIPI-TTAPAren paperezko edizioak ere, asteartean banatzen hasiko denak, hauteskundeei buruzko gehigarri berezia izanen du. XORROXIN IRRATIAk, berriz, 20:00etatik aitzinera saio berezia eginen du emaitzak emateko.

Bide batez, igandeko hauteskundeen emaitzen atarian, hauteskundeek orain arte utzi dutena eta datu historikoak ERRAN.EUSen kontsulta daitezke; hauteskunde hauetakoak horretarako sortutako atal berezian, eta datu historikoak lotura honetan. 1977an Espainiako Kongresurako egin ziren hauteskundeen datuetatik hasita gaur egun arte gure eskualdean egin diren hauteskundeen datuak eskualdeka edo herriz herri kontsulta daitezke eta nahi izatera, bi hauteskunderen konparaketak ere egin daitezke.

Toki komunikabideen ahalegin berezia

TOKIKOM euskarazko toki komunikabide taldeko kide dira TTIPI-TTAPA aldizkaria eta XORROXIN IRRATIA. Eta TOKIKOM sarea osatzen duten euskarazko toki komunikabideek ahalegin berezia eginen dute asteburuan hauteskundeen emaitzak zuzenean emateko. Toki komunikabideek asteak daramatzate herriz herriko egunerokoan eragin berezia duten hauteskunde hauen jarraipen zorrotza egiten.

Igandeari begira, azken egunotako ahalegin hori biderkatu eginen da. Taldeko komunikabide guztiak kontuan hartuta, 150 langiletik goiti ariko dira lanean igandean, herriz herri eta auzoz auzo, hauteskundeetako emaitzen informazioa ahalik eta zehatzen kontatzeko. Irrati eta telebistek programazio berezia eginen dute, adibidez, XORROXIN IRRATIAk. Eta Interneteko edizioek, tartean ERRAN.EUSek, zuzeneko datuak emanen dituzte, botoen kontaketa ofiziala hasi bezain agudo. Paperezko argitalpenek ere zenbaki bereziak aterako dituzte. TTIPI-TTAPAren kasuan heldu den asteko aldizkarian agertuko da hauteskundeei buruzko informazioa zehatza.

Kazetaritza lana ez ezik, lan tekniko handia ere eskatzen du ahalegin berezi honek. Igandean, lehenbiziko aldiz, TOKIKOM Plataformako 26 webguneak zuzenean konektatuko dira datu iturri ofizialekin, datuak automatikoki ekartzeko zenbaketak aitzinera egiten duen neurrian. Hala, momenturo eguneratuko dira iturri ofizialen informazioarekin.

Bortz datu iturri

TOKIKOM Plataformaren garapen teknikoa daraman CodeSyntax enpresan lau lagun dabiltza azken asteotan sistema guztia prestatzen. Erronkarik handiena datu iturrien aniztasuna da: Udal Hauteskundeetako datuak Espainiako Barne Ministerioak eman behar ditu, eta Foru Hauteskundeetakoak berriz, Foru Aldundiek eta Nafarroako Gobernuak. Bortz datu iturri dira, bakoitza bere irizpideekin eta ezaugarri propioekin, eta horrek lan haundia ematen du informazioa bateratzeko orduan.

Automatikoki ailegatuko den informazio hori, gainera, egoki uztartu behar da tokian tokiko kazetariek momentuan eskura dezaketenarekin, gehi pasatutako hauteskundeetakoekin, konparazio historikoak eta abarrak egin ahal izateko. Eta bukatzeko, datu guztiak modu atsegin eta ulergarrian erakutsi behar dira, webgunerako, papererako eta telebistetarako.

Hau dena posible da TOKIKOM osatzen duten komunikabideek euren egitura teknikoa batera eta elkarlanean garatzeko martxan dituzten foro eta lan-taldeei esker. Garapen tekniko konplexuak dira, eta toki komunikabideentzat eskuraezinak lirateke haietako bakoitza bere aldetik egiten saiatuz gero. Ez da erronka erraza, baina ahaleginak merezi du, herriz herriko egunerokoan hainbertzeko eragina duten hauteskundeen informazioa modu arduratsu eta profesionalean eman ahal izateko.

TOKIKOM osatzen duten toki komunikabideen mapa hemen aurki daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun