Heldu den bi ortziraletan jokatuko dituzte Nafarroako Bertsolari Txapelketako aurrekanporaketak

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 24a, 08:00

Larraunen eginen dute lehen saioa ortzirale honetan, maiatzaren 26an, eta Etxaurin bigarrena, ekainaren 2an. 12 bertsolarik hartuko dute parte, aitzineko txapelketan aritu ez zirenak. Horietatik, zazpi sailkatuko dira urrian hasiko den txapelketara. Eskualdeko lau bertsolari ariko dira bi saioetan. 

Urriaren 7an hasiko da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, abenduaren 2ra bitarte luzatuko dena. Horren aitzinetik, ordea, bi aurrekanporaketa saio jokatuko dituzte, txapelketan parte hartuko duten bertsolarien zerrenda osatzeko. Maiatzaren 26an Larraunen, eta ekainaren 2an Etxaurin jokatuko dira bi saio horiek, eta 12 bertsolarik hartuko dute parte guztira.

Txapelketako araudiaren arabera, azken ekitaldian -2021ekoan- parte hartu zuten bertsolariek bakarrik dute bermatuta txapelketarako txartela. Sekula parte hartu ez dutenek, edota 2021koa baino lehenagoko edizioren batean parte hartutakoek, aurrekanporaketa fasea jokatu beharko dute, txapelketara sailkatzeko. Saioak osatzeko, azken txapelketako azken hiru sailkatuak ere elkartu zaizkie guzti horiei.

Gauzak horrela, 17 bertsolari dira dagoeneko urrian hasiko den txapelketarako sailkatuta daudenak, eta 12 aurrekanporaketak jokatuko dituztenak. Azken horietatik zazpik lortuko dute sailkapen txartela -saioetako irabazleak, eta puntuazioaren araberako lehen bortzak-, eta beraz, 24 bertsolarirekin abiatuko da txapelketa urrian. Aimar Sagastibeltza leitzarra, Amaia Telletxea aranztarra, Cesar Etxeberria eta Joseba Beltza ariko dira epaile lanetan aurrekanporaketetan.

Aurrekanporaketa saioetarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke (5 eurotan arruntak, 4 eurotan bazkideenak, eta 3 eurotan 18 urtetik beherakoenak). Larraungo eta Etxauriko Udalak egitasmoaren laguntzaile dira. Hauexek dira bi saio horien xehetasunak:

LARRAUN. Gabari gune irekia (Larraungo udaletxea). Maiatzak 26, ostirala, 18:30ean

  • Beñat Astiz Isasi
  • Etxahun Azkarraga Fernandez (Etxalar)
  • Fernando Ziganda Urdanpilleta
  • Mintxo Astiz Goñi
  • Peio Ardaiz Gale
  • Urko Gartzia Aleman (Lekaroz) 

Gai-jartzailea: Alaitz Rekondo Ferrero (Lesaka)

ETXAURI. Udaletxeko aretoa. Ekainak 2, ostirala, 18:30ean

  • Ainara Ieregi Aranburu
  • Aitor Irastortza Arrizurieta
  • Bittori Elizalde Soto
  • Egoitz Gorosterrazu Elizagoien (Ituren)
  • Eki Mateorena Zozaia (Leitza)
  • Saats Karasatorre Martinez

Gai-jartzailea: Ander Aranburu Arriola

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun