Azken orduotan izandako batzarretan, Arano, Bera eta Lesakako udal ordezkariek eta Foru Gobernuak adostu dute herri hauek hondamendi eremu izendatzeko eskaria egitea Espainiako Gobernuari. Hala jakinarazi du Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehen presidenteorde eta Presidentzia, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak, eta erantsi du asteazkeneko gobernu bileran onartuko dutela eskari hori egitea.
Hondamendi Eremu izendatzeak zertan eraginen die kalteak izan dituztenei?
174/2015 Legeak Gobernuak emanen dituen dirulaguntzak eta har ditzakeen neurriak zeintzuk izanen diren ere zehazten du. Hala ere, hagitz argi uzten du ez direla kalte-ordainak izanen, normaltasuna berreskuratzeko ematen diren laguntzak baizik. Hauek dira Gobernuak ezar ditzakeenak:
- Kalte pertsonalen ondorengo dirulaguntzak
- Etxebizitzan izandako kalteei aurre egiteko dirulaguntzak
- Gerorako utzi ezin diren ekintzak egiteko dirulaguntzak udalei
- Industria, komertzio edo zerbitzuen arloko enpresei laguntzak
- Udal azpiegiturak edo errepideak konpontzeko laguntzak
- Nekazaritzan, abeltzaintzan edo mendietan izandako kalteak konpontzeko laguntzak
- ICOren bidez mailegu-lineak zabaltzea
- Neurri fiskalak
- Gizarte Segurantzaren edo lan-kontuen inguruko bertzelako neurriak
Espainiako Gobernuaren aldetik dirulaguntza eta neurri hauek etor badaitezke ere, adituek norbanako eta enpresei gomendatzen diete ez itxaroteko izendapena izan arte. Norberaren aseguru-etxeekin edota aseguruen partzuergoarekin beharrezko izapideak lehenbailehen hasteko gomendatzen dute.