Pisu arinetan ere launakako Nafarroako sokatira txapelketak irabazi ditu Beti Gaztek

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 22a, 12:00

Beti Gazteko emakumeak eta gizonezkoak Nafarroako launakako sokatira txapelketako pisu arinetako txapelekin, larunbatean Elizondon.

Amaiur ere podiumera igo da Elizondon, emakumeak bigarren izan baitira eta gizonezkoak hirugarren

Nafarroako launakako sokatira txapelketan gizonezkoen eta emakumezkoen pisu arinetako (300 eta 235 kilo) txapelketako bigarren jardunaldia Elizondoko Baztan pilotalekuan jokatu zen larunbatean. Bi kategoria hauetako txapelak Lesakako Beti Gazte jantzi zituen, tiraldi guztiak irabazita.

Maila nagusietan, bai gizonezkoetan baita emakumezkoetan ere, Beti Gaztek irabazi zituen bigarren jardunaldiko tiraldi guztiak eta honela, Nafarroako launakako sokatira txapelketako txapel guztiak jantzi ditu Lesakako taldeak.

Emakumezkoetan, laukote txapeldunean tiran aritu ziren Irantzu Goienetxe, Ainhoa Etxegarai, Maialen Lopez eta Ainhoa Ubiria, Unai Gurrutxaga entrenatzaile eta Ainhoa Aldai oiartzuarra laguntzaile zutela.

Beti Gazteko emakumeak txapeldun pisu arinean.

 

Bigarren posturako lehia estua izan zuten Amaiurrek eta Araxesek eta azkenean amaiurtarrek lortu zuten txapeldunorde izatea.

Amaiur bigarren, Beti Gazte txapeldun eta Araxes hirugarren, emakumeen podiumean.

Gizonezkoetan, lesakarrekin batera, Berriozar bigarren eta Amaiur hirugarren igo ziren podiumera. Beti Gazteko laukote txapeldunean Beñardo Iantzi, Beñat Ordoki, Iñigo Altzugarai eta Gerardo Telletxea aritu ziren tiran, Ander Mitxelena entrenatzaile zutela.

Beti Gazteko mutilak txapeldun Elizondon.

Beti Gazte, Berriozar eta Amaiur, gizonezkoen podiumean Elizondon.

20 urtez beheitiko kategorian, Antsoain A izan da txapeldun, Berriozarko bi taldeen aitzinetik eta kadete mailan, alderantziz, Berriozar nagusitu da, Antsoain A, B eta Cren aitzinetik. Amaiurko gazteak zazpigarren izan dira 20 urtez beheitiko kategorian.

Beti Gazterentzat bikaina izan den denboraldiaren bukaera

Elizondoko tiraldiekin, Nafarroako sokatira taldeek bukatutzat emanen dute udazkenean hasi zuten denboraldi luzea. Beti Gazterentzat, bereziki emankorra izan da. Izan ere, Nafarroako zortzinakako txapelketan txapel guztiak jantzi zituzten lesakarrek, ondotik Euskal Herriko launakakoan ere denak bat izan ezik (mistoan txapeldunorde izan zen) eta Euskal Herriko zortzinakakoan ere zazpitik sei (gizonezkoen 560koan txapeldunorde izan ziren). Ondotik, Ipar Irlandako munduko txapelketatik bederatzi domina ekarri zituzten (bortz klub artekoan, tartean urrezko bat eta lau nazioartekoan, hemen ere urrezko bat, Euskal Herriak lortzen duen lehena, txapelketa mistoan).

Nafarroako launakakoan txapel guztiak irabazi ditu Beti Gaztek, emakumezkoen eta gizonezkoen biak eta txapelketa mistoa.

Ondotik, udako atsedenaldiaren ondotik, denboraldi berri bati ekinen diote, 2024ko otsailean Suedian jokatuko den munduko txapelketa begi-bistan dutela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun