Nafarroako Herriarteko pilota txapelketako bigarren jardunaldia jokoan da

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 19a, 12:00
Goizueta eta Leitza aurrez aurre izanen dira herriarteko nagusian bigarren jardunaldi honetan. Astearteko lehen partidan, jubenil mailan, Goizuetako Apezetxea eta Elizegi (argazkian) nagusitu ziren.

Nafarroako Herriarteko pilota txapelketaren bigarren jardunaldia jokoan da. Herriarteko nagusian Goizueta eta Leitza eta Lesaka eta Baztan ariko dira aurrez aurre eta Doneztebek Lizarra bisitatu beharko du. Herriarteko txikian, berriz, Lesaka eta Bera arteko norgehiagokaz gain, Goizuetak Irurtzun hartuko du eta Leitzak, Doneztebek eta Baztanek, Betelu, Iruñea eta Agoitz bisitatu beharko dituzte, hurrenez hurren.

Bigarren jardunaldi honetan Goizueta eta Leitza izanen dira aurrez aurre. Maiatzaren 16an, asteartean Goizuetan jokatu zuten jubenil mailakoek eta Goizuetako Apezetxeak eta Elizegik 22-1 irabazi zieten Leitzako Martinez eta Arregiri. Maiatzaren 19an, berriz, ostiralean 19:30ean hasita, kadete eta senior mailakoak ariko dira. Aurretik, herriarteko txikilo partidak jokatuko dituzte Goizuetak eta Irurtzunek (18:00etan hasita).

Maiatzaren 20an, larunbatean 11:30ean hasita Lizarrako Remontival pilotalekuan izanen dute hitzordua Lizarra eta Doneztebeko pilotariek.

Maiatzaren 21ean, igandean 09:00etan hasiko den jaialdian, Lesaka eta Baztan ariko dira Lesakako udal pilotalekuan. Jaialdia hasteko, herriarteko txikiko lehiak jokatuko dituzte Lesaka eta Berak eta gero etorriko da Lesaka eta Baztango nagusiagoen txanda.

 

Herriarteko txikia

Nafarroako Herriarteko pilota txapelketa txikian ere hiru bikote ari dira lehian, kasu honetan, benjamin, alebin eta  infantil mailakoak.

Maiatzaren 19an, ostiralean 17:00etan hasita, Betelu eta Leitza aurrez aurre izanen dira Betelun.

Goizuetan ere, aipatu bezala, gaur 18:00etan hasita Goizueta eta Irurtzun izanen dira aurrez aurre.

Maiatzaren 20an, larunbatean 10:00etan, Iruñea eta Doneztebe ariko dira Labrit pilotalekuan.

Aipatu bezala, maiatzaren 21ean, igandean 09:00etan hasita, Lesaka eta Bera ariko dira Lesakako udal pilotalekuan eta egun berean, 11:00etan hasita, Agoitz eta Baztanen arteko lehia izanen da Agoitzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun