Maiatzaren 14an, igande euritsuan jokatu zen Lizarraldeko Oteitzan Infernuko karrera moto-kros proba entzutetsua. Berako Katarri taldeko motor gidariek emaitza bikainak lortu zituzten. Aipagarrienak, Etxalarko Xabier Gallardon Eugik senior mailan eta sailkapen orokorrean eta Lesakako Goiuri Urra Yécorak kadete mailan lortutako garaipenak.
Seniorretan garaile izan zen Gallardon etxalartarra eta sailkapen orokorrean ere beretzat izan zen garaipena.
Kadete mailan, 14 urteko Goiuri Urrak hasi eta bukatu menperatu zuen karrera eta lehen postuan helmugaratu zen, ibilbide lohitsuan. Aipagarria, modu berean, 11 urte bertzerik ez dituen Ekaitz Errandonea Iribarren beratarrak ere kadete mailan parte hartu zuela, bera baino dezente helduagoekin. Halere, hirugarren izan zen, lehia estu baten ondotik eta Urrarekin batera igo zen podiumera.
Doneztebeko Alejandro Irigoien Telletxeak ere lasterketa ederra egin zuen. 15 urte bertzerik ez ditu, baina halere, trofeo kategorian lehiatu zen, helduekin batera, eta hirugarren postua eskuratu zuen.