Irungo La Salle lanbide eskolak hurrengo ikasturterako aurrematrikula epea ireki du, eta maiatzaren 26ra arte ematen ahalko da izena. Erdi eta Goi Mailako ziklo ugari egiteko aukera eskaintzen du ikastetxeak.
Erdi Mailako bi ziklo egin daitezke La Sallen; alde batetik Mekanizazio zikloa eta bertzetik Mantentze elektromekanikoa. Goi Mailako zikloetan lau aukera ditu ikastetxeak: Automatizazio eta robotika industriala, Fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioa, Administrazioa eta finantzak eta aurten aurkeztutako ziklo berria; Zuzendaritzari laguntzeko Goi Mailako zikloa.
Zuzendaritzari laguntzeko Goi Mailako zikloan hainbat arlo landuko dituzte:
- Entitatearen antolamenduan zuzendaritzari eta bertze sail batzuei nola lagundu, ordezkaritzan eta funtzio administratibo zein dokumentaletan
- Enpresen ekitaldiak, bilerak, konferentziak eta kongresuak nola antolatu
- Bisitak eta deiak nola kudeatu enpresaren protokoloa aplikatuz
- Enpresaren barneko eta kanpoko informazioa eta komunikazioa nola kudeatu
- Kontabilitateko eta giza baliabideetako oinarrizko zereginak nola egin
- Ingelesa eta/edo atzerriko hizkuntza (frantsesa) erabiliko da
Honez gain, Administrazioa eta finantza zikloaren titulua dutenak ziklo berri honen bigarren mailara pasa daitezke, titulazio bikoitza lortuz hiru urtetan. Gainera, Administrazio eta finantzako lehenbiziko mailan daudenak Zuzendaritzaren laguntzailearen zikloko bigarren mailara pasatzen ahalko dira zuzenean, bigarren ziklo honen titulazioa lortuz.
Informazio gehiagorako, ikastetxearekin harremanetan jar daiteke 943 62 84 11 telefonoan eta fp@irungolasalle.eus helbidean hitzordua hartzeko.