Atzoko euritearekin kaltetutakoei Aseguruen Konpentsazio Partzuergoari lehenbailehen parte emateko aholkatu die Irachek

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 15a, 13:30
Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak Aseguruen Konpentsazio Partzuergoari lehenbailehen parte emateko gomendatu die asteburu honetako euri jasekin kaltetuei, kalteak gertatu eta zazpi egun igaro baino lehen. Zalantzaren bat izanez gero, komeni da norbere aseguru-etxearekin harremanetan jartzea, zalantzak argitu edo erreklamazioa kudeatzeko.

Honatx kalteren bat izanez gero segitu beharreko urratsak:

  1. Bilatu lehen lehenik kaltetutako autoaren edo etxeko asegurua. Berrikusi etxeko polizaren baldintza bereziak eta baldintza orokorrak, izandako kalteak barne hartzen dituen jakiteko. Autoaren kasuan, aski da nahitaezko asegurua izatea.
  2. Ohikoa denez, polizak aparteko arriskuak baztertzen baditu, eta horien artean uholdeak badaude, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoari jakinarazi beharko zaio, kalteak gertatu eta zazpi eguneko epean. Hobe idatziz eginez gero. Partzuergoaren kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izateko, zure aseguruaren ordainketak egunean izan behar dituzu. Erakunde hau zure aseguru etxeari ordaintzen diozun primaren zati batekin finantzatzen da. Jarri harremanetan azken honekin zalantzarik baduzu. Telefonoz (900 222 665) edo online (www.consorseguros.es) parte har dezakezu.
  3. Kaltetutako ondasunen hondarrak kontserbatzea eta, hori ezinezkoa baldin bada, horien lekukotza ematen duten argazkiak ateratzea, perituak baloratu ahal izan ditzan. Hala ere, kaltetutako objektuak edo higiezinak lehenbailehen konpondu edo garbitu behar badira, garrantzitsua da, argazkiez gain, jakinaraztea eta egindako lanen fakturak gordetzea. Gainerakoan, gerta liteke aseguruen partzuergoak ezbeharrari uko egitea edo benetan izandako kaltea baino gutiago den kalte-ordaina ematea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun