Nafarroako launakako pisu arinetako txapelak ere janzteko lehen urratsa eman du Beti Gaztek

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 15a, 14:00
Beti Gazteko pisu arineko emakumeen taldeak tiraldi guztiak irabazi zituen Antsoainen.

Lesakako taldearen emakumeek eta gizasemeek tiraldi guztiak irabazi zituzten larunbatean Antsoainen

Nafarroako launakako sokatira txapelketan gizonezkoen eta emakumezkoen pisu arinetako (300 eta 235 kilo) txapelketako lehen tiraldiak egin zituzten maiatzaren 13an, larunbat arratsaldean Antsoainen. Beti Gazteko taldeak nagusitu ziren tiraldi guztietan.

Emakumeen 235 kiloko kategorian Amaiur, Beti Gazte, Antsoain, Araxes A eta B eta Txantrea lehiatu ziren eta Beti Gaztek tiraldi guztiak irabazi zituen, 6 puntu eskuratuz. Bigarren postuan berdindu egin zuten Amaiur eta Araxes A taldeek (4,5 puntu), Araxes laugarren izan zen (3 puntu) eta azken postua saihesteko borrokan, berdindu egin zuten Antsoainek eta Txantreak (1,5 puntu).

Gizonezkoen 300 kiloko kategorian, Beti Gazteren gibeletik (4 puntu), Berriozar (3 puntu), Amaiur (2 puntu) eta Txantrea (puntu 1) sailkatu ziren.

Beti Gazteko mutilen taldea Antsoainen.

Kadeteak (eskualdeko ordezkaririk gabe) eta 20 urtez beheitikoak (Amaiur da eskualdeko ordezkari bakarra) ere lehian aritu ziren Antsoainen, bigarren jardunaldian. Amaiur azkena izan zen.

Azken tiraldiak larunbatean Elizondon

Maiatzaren 20an Elizondon, azkenik, pisu arinetako bigarren jardunaldia eta kadete eta 20 urtez beheitiko hirugarren jardunaldi erabakigarriak jokatuko dituzte, sokatira denboraldiari akabaila emateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun