Gerraostean Oiartzungo errotak itxi zituzten, eta «mixeri gorritik atetzeko», oiartzuarrek astoz eta gauez Nafarroako errotetara (Arantza, Goizueta, Lesaka eta San Antongo errotetara zehazki) egiten zituzten bidaiak kontatzen ditu Muga astoa eta haren ingurukoen kalamatrikak ipuinak.
Jone Ugaldebere Sarasuak (proiektuaren sortzaileak), Joxe Kruz Ezeiza Aizpurua Kaxka eta Iñaki Pikabea Lasarekin lan-taldea osatu eta testigantzak jasotzeari ekin zioten. Bizipen horiek oinarri hartuta ipuin bat sortu dute. Ilustrazioak, Jokin Mitxelena Erizek egin ditu eta ipuinaren dazlea Iban Apaolaza Sancho da. Horrez gain, ipuinaren amaieran wikiloc-eko mapa eta erreferentziekin bildu dituzte ibilbideok: Iturriotz-Goizueta; Karrika-Arantza; Karrika-Lesaka; eta Ergoien-San Anton.
Aurkezpenak herriz herri
Maiatzaren 11n egin zuten lehen aurkezpena Oiartzunen. Eta honezkero hasiak dira Nafarroako herri horietako eskoletan aurkezpenak egiten. Maiatzaren 12an, adibidez, Arantzako eskolan izan ziren liburua aurkezten Jone Ugaldebere, Kaxka eta Iñaki Pikabea. Hurrengo hitzordua Goizuetako eskolan dute, maiatzaren 15ean, astelehen goizean izango dira bertan liburua aurkezten. Eta maiatzaren 18an, ortzegunean, berriz, Lesakako Tantirumairu Ikastolan dute hitzordua.
Muga astoa eta haren ingurukoen Kalamatrikak ipuin ilustratua, 1545 argitaletxeak eman du argitara eta honezkero eskura daiteke 15 euroan honako tokietan: Goizuetan, estankoan; Lesakan, Xagu eta Telletxea liburu-dendetan eta internetez www.1545.eus webgunean.