Argindar edo gas enpresatik deitzen dutela itxura eginez, biktimaren kontua lortzen dute iruzur egiteko

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 14a, 07:00

Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak ohartarazi duenez, azken hilabeteetan dozenaka pertsonek jo dute elkartera, iruzur honen ondorioz seiehun euro arte kendu dizkiotelako kontutik.

Nola egiten dute?

Modus operandi hau izan ohi da: biktimak telefono dei bat hartzen du eta hitz egiten duenak bere argindar edo gas konpainiarako lan egiten duela erraten dio. Gestio akats baten ondorioz argiaren azken fakturak arras handiak izan direla detektatu dutela kontatzen dio. Hori dela eta, kontuaren zenbakia emateko eskatu dute, soberan kobratu diotena itzultzeko.
 

Amarrua egiteko erabilitako aitzakia: fakturan gehiegi kobratu dutela

Azken urteotan energiaren sektorean ikusi diren prezio altuekin, kontsumitzaile batzuk tranpan erori dira, faktura altuak akats baten ondorio direla uste dute eta bankuko datuak ematen dituzte.

Handik egun gutira, kontu zenbakia erosketak egiteko, zerbitzuak beren izenean kontratatzeko edo zuzenean dirua ateratzeko erabili dutela ikusi dute biktima izan direnek. Beren argi edo gas konpainiara deitzen dute, eta haiek erantzuten diete ez dakiela deus dei horri buruz, ez duela deus ikustekorik. Deia hartu zuten zenbaki hartara deituz gero, telefonoak ez du seinalerik ematen edo ez du inork erantzuten.

Kontua blokeatzea, salaketa jartzea eta erreklamatzea

Erran bezala, dozenaka pertsona joan dira Irache kontsumitzaileen elkartera azken hilabeteetan horrelako kasuak komentatzera. Behin iruzur bat dela ohartarazita, egin beharreko lehenengo gauza kontuak blokeatzea da. Ondotik, salaketa bat jarri Foruzaingoan, iruzurragatik. Eta, hirugarrenik, banketxearekin harremanetan jartzea dirua itzultzea eskatzeko, bereziki banku eragiketetan segurtasun berme legalak bete ez badira.

Edonola ere, ez da beti erraza galdutako dirua berreskuratzea. Izan ere, kontu zenbakia izatea ez litzateke nahikoa izan behar titularraren izenean inolako eragiketarik egin ahal izateko. Kontuan izan behar da bezero ditugun energia enpresek gure kontu zenbakia badutela fakturen karguak igortzeko, eta, beraz, ez luketela inolaz ere telefonoz eskatu behar diruren bat itzuli beharko balute.

Enpresaren batek datu pertsonalak edo bankuko datuak eskatzen badizkigu, garrantzitsua da ziurtatzea ez dela engainua. Hobe da enpresarekin harremanetan jartzea eta dena ongi dagoela eta informazio eskaera enpresatik datorrela ziurtatzea.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun