Nafarroako launakako sokatira txapelketan pisu arinetako lehia hasiko da larunbatean Antsoainen

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 12a, 14:30
Amaiurko gizonezkoen laukotea pisu arinean ere lehiatuko da.

Amaiur eta Beti Gazteko gizonezkoak eta emakumeak 300 eta 235 kiloko kategoriatan ariko dira

Nafarroako launakako sokatira txapelketan gizonezkoen eta emakumezkoen pisu astunetako eta txapelketa mistoko txapelak Lesakako Beti Gaztek jantzi ditu. Gizonezkoen eta emakumezkoen pisu arinetako (300 eta 235 kilo) txapelak paratuko dituzte orain jokoan. Maiatzaren 13an, larunbat arratsaldean Antsoainen jokatuko dituzte lehen tiraldiak.

Emakumeen 235 kiloko kategorian Amaiur, Beti Gazte, Antsoain, Araxes A eta B eta Txantrea lehiatuko dira eta gizonezkoen 300 kiloko kategorian, Amaiur, Beti Gazte, Berriozar eta Txantrea.

Kadeteak (eskualdeko ordezkaririk gabe) eta 20 urtez beheitikoak (Amaiur da eskualdeko ordezkari bakarra) ere lehian ariko dira Antsoainen, bigarren jardunaldian.

Maiatzaren 20an Elizondon, azkenik, pisu arinetako bigarren jardunaldia eta kadete eta 20 urtez beheitiko hirugarren jardunaldi erabakigarriak jokatuko dituzte, sokatira denboraldiari akabaila emateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun