Nafarroako Herriarteko pilota txapelketa gaur abiatuko da

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 12a, 08:30

Nafarroako Herriarteko pilotxa txapelketaren aurkezpena atzo egin zuten Altzuzako Jorge Oteiza museoan.

Txapelketa nagusian kadete, jubenil eta senior mailakoak ariko dira eta Herriarteko txiki txapelketan benjamin, alebin eta infantil mailakoak

Nafarroako Herriarteko pilota txapelketaren aurkezpena egin zuten maiatzaren 11n, ortzegunean, Altzuzako Jorge Oteiza museoan. Alde batetik txapelketa nagusia jokatuko da, kadete, jubenil eta senior mailako bikoteekin eta bertzetik Herriarteko Txikia, benjamin, alebin eta infantil mailako bikoteekin. Eskualdeari dagokionez, Baztan, Bera, Doneztebe, Goizueta, Leitza eta Lesaka lehiatuko dira. Finalak uztailaren 1ean jokatuko dituzte Labrit pilotalekuan.

Nafarroako Herriarteko txapelketa nagusian, herri bakoitzeko kadete, jubenil eta senior mailako bikoteak ariko dira. Eskualdekoei dagokienez, maiatzaren 13an, larunbatean 16:00etan hasiko den jaialdian, Doneztebe eta Barañain izanen dira aurrez aurre (herriarteko txikian, Doneztebek eta Irurtzunek jokatuko duten partiden ondotik); 17:00etan Iruritako Aranabia pilotalekuan, Baztan eta Leitza ariko dira eta 18:30ean Goizuetan, Goizueta eta Lesaka.

Herriarteko txikia

Nafarroako Herriarteko pilota txapelketa txikian ere hiru bikote izanen dira lehian, kasu honetan, benjamin, alebin eta  infantil mailakoak.

Maiatzaren 12an, ortziralean 18:30ean hasita, Bera eta Baztanen arteko lehia izanen da Berako Eztegara pilotalekuan, eta Leitza eta Berriozarren artekoa, 19:30ean hasita Leitzako Amazabal pilotalekuan.

Maiatzaren 13an, larunbatean 10:30ean hasita, Goizueta eta Iruñea izanen dira aurrez aurre Goizuetan eta 16:00etan hasita, Doneztebe eta Irurtzunen arteko leha izanen da Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan.

Maiatzaren 14an, igandean 17:00etan hasita, berriz, Agoitz eta Lesaka lehiatuko dira Agoizko Toki Eder pilotalekuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun