Bidasoa institutuko Ikasle Ohien Elkartea aurkeztu dute

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 28a, 15:30

400 pertsona inguru bildu ziren asteartean Ficobako auditoriumean

Bidasoa Lanbide Heziketako ikastetxeko Ikasle Ohien Elkartearen aurkezpen ofiziala egin zuten apirilaren 25ean Ficoban. 2019an eratu zen elkartea, eta 400 lagun inguru elkartu ziren auditoriumean aurkezpenerako. Bertan izan ziren Jose Antonio Santano hiriko alkatea, Nikolas Sagarzazu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolamenduko zuzendaria eta Mikel Sarriegi, ADEGIren (Gipuzkoako Enpresen Elkartea) ordezkari gisa.

Alberto Arranz ikastetxeko zuzendariak aurkeztu zuen ekitaldia, eta Mañel Amantegiren zuzendaritzapean, 12 ikasle ohik osatutako abesbatzaren musika-emanaldia izan zen. Ondoren, Jose Ignacio Iruretagoiena zuzendari ohia eta Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko egungo presidenteak hartu zuen hitza, eta elkartearen zergatia eta etorkizuneko helburuak azaldu zituen.

Gero, 70 urteko historia duen ikastetxearen gaur egungo eskaintzaren berri eman zuten eta Fernando Delgado idazkariak webgunea aurkeztu zuen. Bertan, ikastetxearen historia berrikusten duen fototeka, bideoteka eta hemeroteka ikusi zuten. Bukatzeko, ikastetxean hobetzeko lan egin zuten hainbat pertsona nabarmendu zituzten eta zuzendariak aintzatespen plaka bana eman zien.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun