Udaberriko erremonte profesionaleko Caixabank Sari Nagusiko final laurdenetako ligaxkako jardunaldia izan zuten larunbat arratsaldean Larraintzarko Ultzama frontoian. Eloi Otxandorena doneztebarraren eta Ionek 35-26 irabazi zieten Matxin III.a eta Agirrezabalari.
Urdinek 0-6 irabaziz hasi zuten partida eta beti aitzinetik ibili ziren. Ion izan zen protagonista, piloteoan agintzeaz gain, hamar tanto akitu baitzituen. Pixkanaka erritmoa hartzen ari den Eloi Otxandorenak ongi lagundu zion eta zazpi tanto egin zituen.
Jaialdia hasteko jokatu zen partidan, Aimar Jabalera eta Markel Leatxe doneztebarrak 30-28 irabazi zieten Xuban Iturregi iruritarrari eta Otanori.