Nafarroako launakako sokatira txapelketa mistoa ere irabazi du Beti Gaztek

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 8a, 13:30
Beti Gazte txapeldun, Berriozar bigarren eta Amaiur hirugarren, Nafarroako launakako txapelketa mistoan.

Amaiur ere podiumera igo zen hirugarren postuan, Berriozarren gibeletik

Nafarroako launakako sokatira txapelketaren barrenean, txapelketa mistoa jokatu zuten larunbatean Berriozarren, jardunaldi bakarrean, 280 kiloko kategorian. Gizonezkoen eta emakumezkoen pisu astunetan bezala, nahasian ere Lesakako Beti Gaztek lortu du txapela, baina Berriozar B taldearekin lehia estua izan eta berdindu ondotik, pisuak hala erabakita. Amaiur ere podiumera igo da, hirugarren koxkan.

Beti Gazteko laukote txapeldunean Beñardo Iantzi, Ainhoa Etxegarai, Igor Gurrutxaga eta Maria Iantzi aritu ziren tiran, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile zutela eta Julen Palenzuela laguntzaile. Gainerako tiraldi guztiak irabazita, Beti Gaztek eta Berriozar Bk elkarren arteko tiraldi bana irabazi zuten. Aurten, ordea, ez da kitarako tiraldirik eginen eta lehenik, talde bakoitzaren falta kopuruak erabakiko du sailkapena. Hemen ere berdinduak zeudenez, talde bakoitzaren pisuak erabaki zuen. Kasu honetan, lesakarrak arinagoak zirenez, Beti Gaztek eskuratu du txapela. Hirugarren posturako ere berdinduak zeuden Amaiur A, Berriozar A eta Araxes eta, kasu honetan, falta kopuruagatik, Amaiurrek lortu du podiumera igotzea, hirugarren postuan.

Kadeteak (eskualdeko ordezkaririk gabe) eta 20 urtez beheitikoak (Amaiur da eskualdeko ordezkari bakarra) ere lehian hasi dira Berriozarren. Amaiur laugarren izan zen 20 urtez beheitikoan.

 

Pisu arinetako txapelak ondotik

Gizonezkoen eta emakumezkoen pisu astunetako eta mistoko txapelak erabaki ondotik, datozen bi asteburuetan gizonezkoen eta emakumezkoen pisu arinetako txapelak jokatuko dituzte Antsoainen eta Elizondon.

Maiatzaren 13an Antsoainen, gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 235 kiloko lehen jardunaldiak eta kadete eta 20 urtez beheitiko bigarren jardunaldia jokatuko dituzte. Gizonezkoen pisu arinean Amaiur, Beti Gazte, Berriozar eta Txantrea ariko dira eta emakumezkoen pisu arinean, Amaiur, Beti Gazte, Antsoain, Araxes A eta B eta Txantrea.

Maiatzaren 20an Elizondon, azkenik, pisu arinetako bigarren jardunaldi eta kadete eta 20 urtez beheitiko hirugarren jardunaldi erabakigarriak jokatuko dituzte.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun