Arantzako Kattin Madariaga Apaolazak irabazi du 2023ko Nafarroako Eskolarteko bertsolari txapelketa

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 8a, 07:00

Eki Mateorena leitzarra txapeldunorde izan da eta biak izanen dira Nafarroako ordezkari Euskal Herriko Eskolarteko txapelketan

Iruñean jokatu zen ortziralean Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 37. edizioa. Sei bertsolari gaztek hartu zuten parte txapelketan, eta horietatik, Arantzako Kattin Madariagak jantzi zuen txapela. Txapeldunorde, berriz, Eki Mateorena leitzarra izan zen. Biak izanen dira Nafarroako ordezkari Euskal Herriko Eskolartekoan.

Iruñeko LABAn jokatu zen 37. Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Sei bertsolarik hartu zuten parte txapelketan, ondorengoek: Beñat Mendiola Ruiz de Galarreta (Iruñea), Eki Mateorena Zozaia (Leitza), Garikoitz Agirre Soto (Zugarramurdi), Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza), Loitzate Goñi Elortza (Bera) eta Manex Leone Baraibar (Iruñea). Maialen Belarrak aurkeztu zuen saioa, eta Amaia Telletxea, Joseba Beltza eta Nerea  Bruño aritu ziren epaile lanetan. 

Lau oinak emanda, azken puntua emanda, hitz bana emanda eta gai orokorra emanda bertso bana kantatu ondotik, bi bertsolari pasa ziren bigarren fasera: Eki Mateorena eta Kattin Madariaga. Bigarren fase honetan, zortziko txikian ofizioan aritu ziren bi bertsolariak. Gero, ganbarako ariketan, puntu banari erantzun zioten, eta azkenik, gaia emanda, bakarka aritu ziren, bertso bana kantatuta. 

Azkenean, Kattin Madariagak bildu zuen puntu gehien, eta horrenbertzez, bera da Nafarroako Eskolarteko txapelduna. Berak eta txapeldunordeak, Eki Mateorenak, ordezkatuko dute Nafarroa Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan. 

Bertsolari aranztarrak Saioa Alkaiza Nafarroako Txapeldunaren eskutik jaso zuen txapela. Beste sari bat ere izan zen Nafarroako Eskolarteko Txapelketan, "Oinak buruan" saria. Kasu honetan, Manex Leonek irabazi zuen sari hori. Nerea Bruño Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eman zion garaikurra. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun