Sorionekuak dinamikaren ‘Esku bat’ bideoklipa aurkeztu dute

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 5a, 12:30

Sorionekuak Euskara nafar guztiona dinamikak bere aurkezpeneko soinu banda aurkeztu du, ‘Esku bat’ bideoklipa, hainbat plataformatan hedatu duena.  

Urtarrilean dinamikaren aurkezpenean adierazi zuten bezala, «euskara historia luzea duen hizkuntza da, baina, batez ere, etorkizun oparoa edukiko duena. Horrek animatu ditu bideoklipean agertzen diren herritar ezagunak gurekin batera euskararen alde pauso bat aurrera ematera». Abestiaren letra Sustrai Colinak egin (Beherago duzue) eta musika, Nerea Urbizu musikariak.

Parte-hartzaileak eremu zein egitasmo ezberdinetako lagunak izan dira: Martxelo Otamendi, Joseba Santamaria eta Iñaki Soto kazetariak; Aaron eta Kutxi Romero musikariak; Jagoba Arrasate entrenatzailea; Mirian Rivas, Roberto Martil eta Ainhoa Tirapu futbolariak; Anabel Arraiza aktorea, Zuriñe Hidalgo, Olaia Inziarte, Nerea Urbizu eta Garazi Gartzia abeslariak; Saioa Alkaiza eta Estitxu Arozena bertsolariak eta Porrotx, Satorjator eta Astonauta umeentzako pertsonaiak.

Kanta euskararen susperraldiak behar duen soinu banda izatea du helburu. Euskararen aldeko bidea batera egiteko deia eta ekainaren 10ean Iruñean egonen den herri mobilizazioan parte-hartzeko gonbidapena da: «Herritarron garaia da, euskararen garaia da, urrats bat aurrera egitera goaz. Euskara nafar guztiona da».

 

ESKU BAT

Nahi nuke esku bat…

Nahi nuke esku bat…

 

Nahi nuke esku bat

zorionekoa,

libre egin nazan

askatu gabe.

Amore eman ondoren

erruak erre baino lehen, 

Esku bat...bide-seinale

ta bat-batean haizea alde.

 

Hatz bakoitzean milaka hitz ditu

ziur zahartzen da ta zimur-berritu;

bizipoz-marra amaigabekoa...

Ni, bai, zorionekoa!

 

Nahi nuke esku bat

zorionekoa,

denen ispilu

nire irudi.

Nire algoritmoekin

eta antonimoekin

esku bat...mundura zubi.

Nondik abia, nora itzuli.

 

Hatz bakoitzean milaka hitz ditu

ziur zahartzen da ta zimur-berritu;

bizipoz-marra amaigabekoa…

Ni, bai, zorionekoa!

 

Nahi nuke esku bat

zorionekoa…

Nahi nuke esku bat

zorionekoa…

Nahi nuke…

Nahi nuke...

Ez al da arraroa

zorionik gabe Nafarroa?

 

Hatz bakoitzean milaka hitz ditu

ziur zahartzen da ta zimur-berritu;

bizipoz-marra amaigabekoa...

Ni, bai, zorionekoa!

 

Nahi nuke esku bat, zorionekoa…

Zorionekoa!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun