Udaberriko erremonte profesionaleko Caixabank Sari Nagusiko final laurdenetako ligaxkako jardunaldia izanen dute maiatzaren 6an, larunbatean 19:00etan Larraintzarko Ultzama frontoian hasiko den jaialdian. Matxin III.a eta Agirrezabala, Eloi Otxandorena doneztebarraren eta Ionen kontra ariko dira.
Jaialdia hasteko jokatuko den partidan, Aimar Jabalera eta Markel Leatxe doneztebarrak, Xuban Iturregi iruritarraren eta Otanoren kontra ariko dira. Sarrera hamar euro kobratuko da, 16 eta 22 urte bitartekoek bortz euro ordaindu beharko dute eta 16 urtez beheitikoak doan sartuko dira. Sarrera oso-osorik ADANO elkartearentzat izanen da.