Nafarroako launakako sokatira txapelketa mistoa Berriozarren jokatuko da larunbatean

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 5a, 11:00
Amaiurko talde mistoa joan den urteko txapelketan. Aurten bi laukote aterako ditu.

Kadete eta 20 urtez beheitiko txapelketaren lehen jardunaldia ere bertan jokatuko dute

Nafarroako launakako sokatira txapelketak segida izanen du maiatzaren 6an Berriozarren. Gizonezkoek eta emakumeen pisu astunetako txapelak Beti Gaztek jantzi zituen eta larunbat honetan nahasian ariko dira, txapelketa mistoa jokatuko baita jardunaldi bakarrean, 280 kiloko kategorian. Amaiurrek eta Beti Gaztek bina laukote aterako dituzte goma gainera.

Eskualdeko taldeek bezala, Berriozarrek ere bi laukote aterako ditu eta Antsoain, Araxes eta Txantrea ere lehiatuko dira, bederatzi talde denera. Egun horretan, kadeteak (eskualdeko ordezkaririk gabe) eta 20 urtez beheitikoak (Amaiur izanen da eskualdeko ordezkari bakarra) ere lehiatuko dira.

Pisu arinetako txapelak ondotik

Maiatzaren 13an Antsoainen, gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 235 kiloko lehen jardunaldiak eta kadete eta 20 urtez beheitiko bigarren jardunaldia jokatuko dituzte. Gizonezkoen pisu arinean Amaiur, Beti Gazte, Berriozar eta Txantrea ariko dira eta emakumezkoen pisu arinean, Amaiur, Beti Gazte, Antsoain, Araxes A eta B eta Txantrea.

Maiatzaren 20an Elizondon, azkenik, pisu arinetako bigarren jardunaldi eta kadete eta 20 urtez beheitiko hirugarren jardunaldi erabakigarriak jokatuko dituzte.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun