Ados elkartearen Udaberri Torneoak pilota eta bertsolaritza uztartuko ditu

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 4a, 09:30
Ados pilota elkarteak antolatu duen Udaberri Torneo bereziaren aurkezpena asteazkenean Beasaingo Igartza jauregiaren atarian.

Ortzirale honetan abiatuko da txapelketa Altsasun, Zubietan jokatuko da jardunaldi bat maiatzaren 20an eta finala Beasainen ekainaren 2an

Beasaingo Igartzako jauregi ederrean aurkeztu zuten asteazkenean Ados pilota elkarteak antolatutako Udaberri Torneoa. Leire Artola, Beasaingo alkatea, pilotariak eta bertsolariak bertan zeudela benetan berritzailea den txapelketaren inguruko xehetasunak azaldu zituzten.

Ekitaldiari hasiera emateko Beasaingo alkateak berdintasuna bultzatzeko lanean garrantzitsua dela horrelako ekitaldiei bidea egitea adierazi zuen eta horregatik ekainaren 2an jokatuko den final handia Beasainen jokatzearen garrantzia azpimarratu zuen.

Udaberri torneoan parte hartuko duten lau pilotarien taldeak aurkeztu zituzten eta talde bakoitzari dagokion bertsolari botilleroa zein izanen den ere zehaztuta geratu da. Honela, Eguzkiloreak taldean (Zabala, Ruiz de Larramendi eta Arrieta), Anjel Mari Peñagarikano ariko da botillero; Mitxoletak taldean (Barrokal, Mujika eta Aldaregia) Maialen Akizu izanen da botillero; Kukuprakak taldean (Iturriaga leitzarra, Agirre eta Orbegozo), Aitor Sarriegi izanen da botillero eta Bitxiloreak taldean (Etxebeste beratarra, Etxekolonea zubietarra eta Ruiz de Infante) Nerea Elustondo izanen da botillero lanetan arituko dena.

Jardunaldi bakoitzean lau eta erdiaren barreneko partida bat buruz buru eta binakako bertze partida bat jokatuko dute. Hasierako ligan talde guztiek elkarren kontra jokatuko dute puntu gehien lortzen dituzten bi taldeek jokatuko dute finala ekainaren 2an Beasainen.

Egutegia

Txapelketako lehen jardunaldia maiatzaren 5ean, ortziralean 19:00etan hasita jokatuko dute Altsasuko Burunda pilotalekuan Eguzkiloreak eta Bitxiloreak taldeek.

Maiatzaren 14an Itziarren (Mitxoletak-Bitxiloreak) eta Azpeitian (Kukuprakak-Eguzkiloreak) ariko dira; maiatzaren 19an Ataunen (Mitxoletak-Eguzkiloreak); maiatzaren 20an eskualdean izanen da jardunaldia, eskualdeko pilotariekin gainera (Bitxiloreak-Kukuprakak) eta maiatzaren 27an Zumaian (Kukuprakak-Mitxoletak). Aipatu bezala, finala ekainaren 2an, 19:00etan jokatuko da Beasainen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun