Saharako haur errefuxiatuak hartzeko epea maiatzaren 12ra arte luzatu du Saharaztanek

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 3a, 07:00
Argazkia: Saharaztan.

Udan Saharako haur errefuxiatuak hartzeko harrera familiak behar direla ohartarazi du Saharaztan Baztan-Bidasoko Saharar Herriaren Aldeko Elkartasun Taldeak. Hasiera batean apirilaren 30era arteko epea ireki zuen Saharako haurrak etxean hartu nahi zituztenek izena emateko, baina maiatzaren 12ra arte luzatzea erabaki du.

Harrera familia bihurtu nahi izanez gero, telefono hauen bidez Saharaztanekoekin harremanetan jarri behar da:

  • Baztanen, Urdazubin eta Zugarramurdin: 659 55 30 14
  • Malerrekan eta Bertizaranan: 635 59 93 06
  • Bortzirietan: 646 43 14 35

Urte saila ditu Oporrak Bakean egitasmoak, Saharako haur errefuxiatuei sufritzea tokatu zaien errealitatetik denboraldi batez atera eta gurean osasun, elikadura eta aisialdi eskaintza aberasteko helburua duen programak. Eta Saharaztan elkartea da Baztan-Bidasoaldean horretaz arduratzen dena.

Zortzi-bederatzi urte inguruko neska-mutikoak etortzen dira; «hemen, norbere etxean, egokitu eta egunerokoa eman beharko zaie. Elikadura emanez, osasun arreta bermatuz, gure hizkuntza eta bizimoduak erakutsiz...». Baina hortik haratago, bueltan hartzen dena haundia da Saharaztanen hitzetan: «Trukean esperientzia aberasgarria utziko dute».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun