Eskualdeko lau bertsolarik kantatuko dute Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 30a, 11:00

Iazko finalean kantatu zuten bertsoriak. BeƱat Astiz baraƱaindarra nagusitu zen.

Heldu den ortziralean, maitzaren 5ean jokatuko dute Iruñeko Laba gunean Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren 37. edizioa. 14 eta 18 urte bitarteko zazpi bertsolari gaztek hartuko dute parte eta horietatik lau dira eskualdekoak.

Zazpi bertsolari hauek kantatuko dute ortziraleko saioan: Antton Ciriza Saragueta (Iruñea), Beñat Mendiola Ruiz de Galarreta (Iruñea), Eki Mateorena Zozaia (Leitza), Garikoitz Agirre Soto (Zugarramurdi), Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza), Loitzate Goñi Elortza (Bera) eta Manex Leone Baraibar (Iruñea). 

Maialen Belarrak aurkeztuko du saioa, eta Amaia Telletxea, Joseba Beltza eta Nerea Bruño izanen dira saioko epaileak. 

Txapelketak bi fase izanen ditu: 

Lehenengo fasean bertsolari guztiak arituko dira, eta honako hau da egin beharko duten lana: lau oinak emanda bertso bana osatu; bukaera emanda bertso bana osatu; hitza gaitzat hartua bertso bana osatu eta gai orokorra emanda, gehienez 5 puntuko bertso bana osatu. 

Hortik, bi bertsolari sailkatuko dira bigarren fasera, eta honako hau da sailkatuek egin beharko duten lana: zortziko txikian, ofizioka, bina bertso eta ondotik ganbarako lana. Puntu bati erantzunez bertso bat osatu beharko du eta gaia emanda bertso bat ondotik.  

Lan guztiak eginda puntu gehien biltzen dituen bertsolariak jantziko du aurtengo txapela. Txapelketako lehenengo bi sailkatuak, gainera, Euskal Herriko Eskolartekorako sailkatuko dira, Nafarroako ordezkari gisa.

Saioa 18:30ean hasiko da Iruñeko LABAn eta sarrera doakoa izanen da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun