Arantxa Agerre, Iosu Perez eta Edurne Arrazubi

«Helburua ez da gizartean onartuagoa den itxura lortzea; eredu osasungarriak lortzea baizik»

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 30a, 08:00

Ezkerretik hasita, Arantxa Agerre Irigoien Malerrekako pediatriako erizaina, Iosu Perez Aranburu Malerrekako pediatra eta Edurne Arrazubi Labiano Malerrekako gizarte langilea.

Malerrekako eta Bertizaranako haurren obesitatearen kopurua jaisteko eta elikadura ohitura osasuntsuak indartzeko 'Atxikiz pausoka, zoriontsu haziz' proiektua berrartu dute. Horren harira mintzatu dira Edurne Arrazubi, Arantxa Agerre eta Iosu Perez. Arantxa Agerre Irigoien Malerrekako pediatriako erizaina, Iosu Perez Aranburu pediatra eta Edurne Arrazubi Labiano gizarte langilea.

Haurren gehiegizko pisuarekin eta obesitatearekin kezkatuta daude Malerrekan eta Bertizaranan. Nafarroako tasarik haundienetarikoak dituzte eta egoera «larria» dela ohartarazi dute Edurne Arrazubi Labiano, Arantxa Agerre Irigoien eta Iosu Perez Aranburu Doneztebeko Osasun Zentroko gizarte langileak, pediatriako erizainak eta pediatrak. Horri erantzunez, obesitatearen kopurua jaisteko eta elikadura ohitura osasuntsuak indartzeko, 2018an Atxikiz pausoka, zoriontsu haziz proiektua paratu zuten martxan. Pandemia tarteko, alde batera utzi behar izan zuten, baina berriz esku artean dute. Oraingoz, Doneztebeko Osasun Zentroa, Doneztebeko eskola eta bertako jangela kudeatzen duen enpresa, Malerrekako Gizarte Zerbitzua, Doneztebeko Erreka Kirol Elkartea eta Askin Haur Eskola bildu dira lantaldera, baina adierazi dutenez, «pandemia baino lehen parte hartu zuten erakundeekin harremanetan jartzen saiatzen ari gara: guraso elkarteak, ikastetxe guziak, kultur eta kirol elkarteak...». Argi utzi dute: «Ardura denona da». Gisa berean, gehiegizko pisuak edo obesitateak osasunean dituen ondorioez ohartarazi dute: «ondorio fisikoak eta psikologikoak eragiten ditu».

2018an hasi zineten Atxikiz pausoka, zoriontsu haziz proiektuarekin lanean. Pandemiarekin alde batera utzi behar izan zenuten, baina bitartean zein bide egin zuen? 

2016an Doneztebeko Osasun Zentroak, Doneztebeko eskolako zuzendaritzarekin elkarlanean, familiek elikaduraz duten interesari buruzko inkesta bat egin zuen. Emaitzetan argi gelditu zen familiek ez zutela haurren obesitatea arazotzat hartzen. Gisa horretara, elikadura ohiturak pediatria kontsultatik bakarrik aldatzea zaila izanen zela ikusi zen. Horrekin lotuta, Osasun Publikoaren Institutuko kideek gure bailaretako obesitateari buruzko solasaldi bat eman zieten eskualdeko erakunde batzuei. Orduan hasi genuen Atxikiz pausoka, zoriontsu haziz proiektua. 2018an eta 2019an hainbat solasaldi egin genituen, eskoletan elikadura ohiturak aldatzeko ekimenak garatu genituen, fruta banatzeko dirulaguntza eman haur eskolan, kirol jardueretan fruta jatearen aldeko jarduerak egin, Doneztebeko eskolako ikasleak igerilekura joan zitezen garraioa paratu... Bertzetik, osasun zentroan mediku azterketetan osasuntsu jateari buruzko informazioa banatzen hasi ginen, baita kirola egiteko aholkuak edota behar eta nahi zutenei laguntza ematen ere.   

Ikasturte honi begira, zein egitasmo dituzue esku artean? 

Hasi berriak gara eta zehazten ari gara. Aitzindu dezakegu azukrearen kontsumoa murrizteko helburuarekin hainbat ekintza eginen ditugula. Horrez gain, Doneztebeko eskolatik Lesakako igerilekura joateko aukera izanen dute. Elikaduraren garrantziaz ohartarazteko sentsibilizazio kanpainak ere eginen ditugu; aholkuak emanez etxeetara eskutitzak bidaliko ditugu eta kirol jarduera batzuk antolatzeko asmoa dugu.   

Malerrekako eta Bertizaranako haurren obesitatearen eta gehiegizko pisuaren tasa Nafarroako haundienetarikoa dela erran duzue. Zein da egoera? 

Egoera ez da batere ona. 2023an Nafarroako Osasun Komunitarioaren Behatokiak txostena argitaratu du 2019ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra arte hartutako datuekin, eta emaitza txarrak ditugu. Gure eremuari erreparatuz, 0 eta 5 urte bitarteko haurretan, mutiletan gehiegizko pisua Nafarroako altuena dugu eta nesketan seigarren postuan gaude. Obesitateari dagokionez, mutiletan Nafarroako tasarik altuena dugu eta nesketan zazpigarren postuan gaude. 6 eta 9 urte bitartekoetan, mutiletan gehiegizko pisuaren kasuan, hirugarren postuan gaude eta nesketan lehenbiziko. Obesitateari begiratuz, mutiletan hamargarrenak gara eta nesketan hirugarrenak. 10etik 14 urtera artekoetan, gehiegizko pisua dutenak kontuan hartuz, mutiletan bederatzigarrenak gara eta nesketan hamabigarrenak. Obesitatearen kasuan, mutiletan hamargarrenak eta nesketan laugarrenak gara. Laburbilduz, Malerrekako eta Bertizaranako eremua gehiegizko pisua edota obesitatea duten haurren ehuneko haundiena duen eskualdeetako bat da, batez ere, 0-5 eta 6-9 adin tarteetan. 

Bereziki 0-5 urte eta 6-9 urte bitartekoen taldeetan sumatu duzue gehiegizko pisua. Zergatik izaten ahal da? 

Gure eskualdean ume indartsuak ez daude gaizki ikusiak, eredugarritzat ditugu. Haur meheak okerrago ikusiak dira.

Nerabezaroan zer gertatzen da? 

Aunitzek kirola egiten dute eta eskualdean badira horretarako hainbat aukera: futbola, eskubaloia, judoa, dantzak... Nerabezaroan datuak hobeak dira. Gizena izatea ez dago horren onartua, eta kasu gehiago egiten zaio gaiari. 

«Gizentasuna eritasun bat da, eta hainbat arlotan ondorioak ditu»

Adinarekin arazoak larritzen ahal direla aipatu izan duzue. Haurretan gehiegizko pisua dutenek etorkizunean ere hala izaten dute? 

Ikerketa aunitzek diote haurtzaroko ohiturek ondorioak dituztela helduaroan. Beraz, ttikitatik janariari, kirolari, harreman sozialei eta bertze hainbat alorri buruzko ohitura osasuntsuak erakusten badizkiegu, etorkizun hobea izanen dute. Haur gizen batek aukera haundiagoa du heldua denean ere gizena izateko, eta gaur egun denok dakigu gizentasuna eritasun bat dela, eta hainbat arlotan ondorioak dituela: hipertentsioa, diabetesa, osteoporosia, emozionalki depresioa...

Eta gehiegizko pisuak zein ondorio ditu haurtzaroan? 

Haur gizen baten garapena ez da hoberena. Bere gehiegizko pisuak bere hezurrak hazterakoan eta gorputzaren mugikortasunean eragiten du. Ondorioak arlo aunitzetan ikusten ahal ditugu. Ttikiak direnean guttiago mugitzen dira eta oroitu behar dugu garapen ona izateko mugimendua beharrezkoa dela; koxkorragoak direnean beraien ongizate emozionala ere kaltetua izaten ahal da. Izan ere, mugatuak daude kirola egiteko, taldean ez dira horren onartuak izaten...

Ondorio fisikoez gain, ondorio psikologikoak ere aipatzen dira...

Ondorio psikologikoak norberaren gorputzaren onarpenaren araberakoak dira. Ikertzaileek autokontzeptu maila ttikiagoak aurkitu dituzte haurren obesitate kasuetan eta horrek autoestimu baxuagoa sortzen du. Ondorioz, depresio maila altuagoak aurkitu dituzte, bertzeak bertze, obesitatea duten haurrengan. Guk ez dugu gaur egungo estereotipo femeninorik eta maskulinorik nahi; helburua osasuntsu izatea da, ongi jatea, kirola egin ahal izatea eta emozionalki indartsuak izatea. Horrelako umeak nahi ditugu, eta hori lortzeko ez diogu pisuari bakarrik ematen garrantzia. Ohitura eta oinarri osasuntsuak izatea garrantzitsuagoa da. 

Pandemiarekin haurren obesitatearen datuek okerrera egin dute? 

Ezin dugu zehaztu, baina segur aski pandemiak arlo horretan ere kalte egin izanen digu. Denbora aunitz pasatu dugu etxean, atera gabe, lagunak ikusi gabe, kirola ezin eginez... Egoera horrek ez du lagundu.

«Egoera larria da, eta denok zerbait egin behar dugu»

 
Egoera larria da? 

Bai, egoera larria da, eta hori bideratzeko denok zerbait egin behar dugu.

Arazoa ez da Malerrekakoa edo Bertizaranakoa bakarrik. Obesitatea XXI. mendeko epidemia gisa izendatu izan dute... 

Bai, eta obesitateak osasunean zer eragin duen ikusten ari gara. Obesitateak bizia urte aunitzez murrizten du, eta urte horiek ez dira behar bezain onak. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, 5 urtetik 19 urtera bitarteko neska-mutil obesoen kopurua hamar aldiz haunditu da azken lau hamarkada hauetan. Europa mailan, urtero obesitatea duten 400.000 ume gehiago daude. Gaur egun, Europako Batasunean arazo hori duten umeak guzira hamalau milioi dira. 

Obesitatea gaizki jatearekin bakarrik lotua dago? 

Ez. Gaur egun, badakigu obesitatea ez dagoela gaizki jatearekin bakarrik lotua. Bizimodu sedentarioak eta faktore genetikoek ere badute eragina. Baina argi dago gaizki jateak bere garrantzia duela. 

Ariketa fisikoa zenbateraino izan daiteke garrantzitsua? 

Ariketa fisikoak garrantzi haundia du gizartean, baina batez ere haurtzaroan, hor sortzen baitira bizi guzirako oinarriak. Familia kirolari batean hazten bazara, segur aski kirola maiteko duzu. Familia gauza guzietarako eredu da, bai onerako, baita txarrerako ere. 

Bizi estiloa aunitz aldatzen ari da? Horrek zein ondorio ditu? 

Obesitatea duten haurren kasuen % 5ean bakarrik arrazoia genetikoa edo endokrinoa da. Gainerakoetan, alegia, obesitatea duten haurren % 95ean, arrazoia kanpokoa da, hau da, bizimoduaren patroiei lotutakoa. Aldaketa sozialengatik dieta tradizionalak dentsitate energetiko haundiko dietekin ordezkatu dira, eta horri bizi estilo sedentarioagoa eta mugikortasun aldaketak gehitu behar zaizkio. Teknologia berrien ondorioz, aisialdia pasiboagoa bihurtu da eta garraioetarako sarbidea haundiagoa denez, guttiago ibiltzen gara. Gainera, industriak eta publizitatea zapore erakargarria duten elikagaiak sustatzen ari dira, eta kaloria ugari dituzte. Bizi estiloa egokia ez badugu, ondorio txarrak izanen ditugu. Eta gure bizi estiloa osasuntsua izaten saiatzen bagara, ondorio onak. 

«Bizi estiloa egokia ez badugu, ondorio txarrak izanen ditugu. Eta gure bizi estiloa osasuntsua izaten saiatzen bagara, ondorio onak»

Elikadura ohiturak okertzen ari dira?

Ez genuke hori horrela denik erranen. Kontua da lehen ez genituela horren eskura janari prozesatuak, edo pizzak, hanburgesak... Eta bereziki gure eskualdean etxeko janaria jaten genuen. Gaur egun, familiak kontzienteago izan behar luke zer sartzen dugun gure erosketa poltsetan, arrazoi aunitzengatik errazagoa delako janari ez osasuntsua erostea: kozinatzeko denbora faltagatik, etxean janari hori maite dutelako, merkeagoa delako... Gainera, publizitate engainagarri aunitz dago, eta osasuntsuak ez diren produktuak erosten ditugu. 

Zer egin daiteke egoera horren kontra? 

Denon ardura da. Familiei dagokie erosketa osasuntsuak egitea, ongi kozinatzea, kirola egitea... Osasun zentroak, berriz, informazioa eman eta familiei lagundu diezaieke, baita umeei animatu ere, ongizate emozionalari garrantzia emanez... Gizartean, berriz, kirola egiteko aukera sortu behar dira, denek aukera izan dezaten kirol lehiakorrak eta ez lehiakorrak egiteko, hitzaldiak antolatu...

Nola landu behar da gaia haurra ttikia denean? 

Haurrak janari osasuntsuak zein diren eta zein ez jakin behar du. Litxarreriak egunero jateak beraien gorputzari kalte egiten diola erran behar zaie.

Eta nerabea denean? 

Kasu horretan garrantzi gehiago eman behar zaio ongizate emozionalari. Adin horretan sare sozialetan ikusten dituzten pertsonak eredutzat dituzte eta ez dira beti eredu onak. 

Halakoetan bada elikaduraren nahasmenduak sortzeko arriskurik? 

Bai, eta gero eta gehiagotan ikusten ditugu halako kasuak. Eredu ez osasuntsuei erreparatzen diete eta horrek ondorioak ekartzen ditu. Horregatik garrantzi haundia du ongizate emozionalak, bakoitzak bere gorputza onartzeak, eta lagun sare bat izateak. Nerabeek ez dituzte gurasoak eredutzat, lagunak eta sare sozialak baizik.

Nola jokatu behar luke familiak? 

Familiaren inplikazioa nahitaezkoa da. Beraiekin lan egin behar dugu, eta argi utzi behar dugu helburua ez dela gizartean onartuagoa den itxura lortzea. Helburua eredu osasungarriak lortzea da, kirola eginez, osasuntsu janez eta emozionalki ume indartsuak haziz.  

«Familia eredu da, bai onerako, baita txarrerako ere»

Nola hartzen dute gaia familian? 

Gehienek onartzen dute eta ongi esplikatuz lanean hasten dira. Familiak eredugarri izan behar du, bai janari ohituren aldetik, baita bizimoduari dagokionez ere, edo opariak egiterakoan. Batzuetan ez da erraza, ohitura batzuk hagitz barneratuak ditugulako, baina dena bezala, ongi esplikatuz egiten ahal da. Ez dugu ezagutzen nahita seme-alabei kalte egiten dion familia bat bera ere.

Zerbait gaineratuko zenukete? 

Eskualdean produktu freskoak, osasuntsuak eta bertakoak jateko aukera ezin hobea dugu, eta inguruak hainbat aukera ematen dizkigu aukera fisikoa egiteko. Probestu dezagun!

'Atxikiz pausoka, zoriontsu haziz' proiektuaren lantaldeko kideekin solasean

Marian LASARTE BARAIBAR, Doneztebeko Askin Haur Eskola

«Obesitatea ez da familien arazoa bakarrik. Zazpi egunetatik bostetan haurrek eskolan bazkaltzen dute eta gure ardura da zer eta nola ematen diegun jatera. Kontzientzia hartuz, hobeto eginen dugu aurrera».  

Ernesto DOMINGUEZ OLEA, Doneztebeko eskola

«Proiektuarekin bat egitea ezinbestekoa da guretzat, pandemiak eten baitzuen. Datuak argiak dira pandemia aurretik eta orain. Gainera elkarlana azpimarratzekoa da, lan honetan eskualdeko elkarte, eskolan, entitateek parte hartzen baitute. Guk interes berezia dugu eta eskolan, inolako zalantzarik, gabe osasuntsuak diren ohiturak bultzatuko ditugu, jangelan eta gosarietan. Bestetik, ohitura osasungarriak eskolan ere sustatu behar dira. Eskolaz kanpoko jardueretan aurrekirolen presentzia handia da gure eskolan».

Irune ALTXU, Edurne ANZIZAR eta Begoña ALBERRO, Malerrekako Gizarte Zerbitzuak

«Geroko osasunaren bidea denon artean orain eraiki behar dugu. Argi izan behar dugu ongizatea denon ardura dela. Horregatik pixkanaka-pixkanaka  lan sare egonkorra eraiki nahi dugu».

Joseba LEGARRA ERASUN, Doneztebeko Erreka Elkartea

«Gure eskualdeko datuak erran eta erakutsi zizkigutenean harriturik gelditu ginen. Aitzinetik ere gai honen inguruan arituak ginen eta egoera zein zen bagenekien, baina argi geneukan Errekak ere proiektu eta elkarlan honen parte izan behar zuela. Ea denon artean, bide beretik jardunez, Malerrekako umeen osasuna hobetzerik dugun».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun