Egun hainbertze arduratzen gaituen aldaketa klimatikoaren afera 2009an Johan Rockström zientzialariak eta bere ikerketa taldeak mundua orekan mantendu ahal izateko zehaztu zituzten bederatzi mugetako bat bertzerik ez da, eta gainera, ez da okerren dagoena, nahiz eta, bakarrik muga hori gainditzearekin jada Lurreko bizitza gaur ezagutzen dugun moduan jada arriskuan legokeen. Gainezka egitetik hurbilen dauden bertze bi mugak fosforo eta nitrogeno bidezko kutsadurarena eta, azkenik, biodibertsitatearena dira. Komunitate zientifikoak dio azken hau dela okerren dagoena, izan ere, azken mundu-muga hau jada arrisku handiaren eremuan dago. Arazo hau aditzera emateko eta gure hurbiltasunean ardazteko, Sustrai Erakuntzak Biodibertsitatea Nafarroan, agortzen ari den baliabidea txostena argitaratu du.
Ikuspuntu pragmatiko huts batetik gizakiok ezinbertzean kontserbatu behar dugu biodibertsitatea, gure espezieak biziraunen badu. Biodibertsitatea elikagaien, ur edangarriaren, materialen zein erregaien horniduraren bermea da, baita airearen, uraren edota lurrazalaren erregulazioarena ere, honek dakarren izurrite, gaixotasun edota desastre naturalen kontrolarekin ere. Bestetik, biodibertsitatea elikagaien zikloaren, landareen mantentzearen, animalien eta aniztasun genetikoaren zaindaria ere bada. Horrez gain, biodibertsitateak aldaketa klimatikoa arintzen ere laguntzen digu, ekosistema naturalek CO2 isuriak finkatzen laguntzen baitute, honela, uholdeak leuntzen eta desertifikazioa gelditzen lagunduz. Biodibertsitatea, beraz, giza bizitzaren ongizatearen eta garapenaren oinarria da.
Natur-aniztasunaren kontserbazioaz ari gara biodibertsitateaz dihardugunean. Eta Nafarroa oso anitza da ekosistemei dagokionez: irmotasun berdinez defendatu behar ditugu mendialdeko pagadiak, zein erdialdeko sastrakadiak edota hegoaldeko estepak, ekosistema anitzen kontserbazioan baitago gakoa. Beraz, habitat mota guztiak mantentzea garrantzitsua da, sekarral (toki idorrak) izenez mespretxatzen ditugun horiek ere bai. Aniztasun honek balio handia ematen dio lurraldeari, baina bertzetik, haren zaurgarritasuna uzten du agerian: aniztasunak berarekin dakar muga ekosistemikoen afera. Mugan bizi diren espezieak zaurgarriagoak dira, ez baitaude haien distribuzio area zabal batean. Honengatik guztiagatik aintzat hartu beharko genuke gure lurraldearen aniztasuna eta hauskortasuna.
«Plan guztiak martxan paratuko balira, horiek biodibertsitatearengan izanen luketen inpaktua aldaketa klimatikoarena baino larriagoa izanen litzateke»
Nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboak, Erdizeko eta Zangotzako Muga meategiak edota Abiadura Handiko Trena bezalako makroproiektuek biodibertsitatearengan duten eragina ezaguna da. Hala ere, energia berriztagarrien makroprodukzioak ere inpaktu latza duela ez da hain ideia zabala. 2020an Nature aldizkari zientifikoan argitaratu zen artikulu baten arabera, aldaketa klimatikoari aurre egiteko energia berriztagarriak ezartzeko dauden plan guztiak martxan paratuko balira, horiek biodibertsitatearengan izanen luketen inpaktua aldaketa klimatikoarena baino larriagoa izanen litzateke. Eta azken hilabeteetan maila guztietako administrazioak plan hauek bete daitezen jo eta su lanean ikusi ditugu, esaterako, Europako parlamentuak adostu berri dituen energia berriztagarrien azelerazio eskualdeak, zeinetan onarpen prozesuen luzera erdira murriztuko baiten.
Azken urteetan energia berriztagarrien kolonizazioa gertatu da Nafarroan, batez ere Erreniega Zerratik beheiti hegoalderaino doan lurraldea estaliz, eta gainera, iparraldera zabaltzeko mehatxupean gaude. Askotan, poligonoak Kontserbazio Bereziko Eremuen (KBE) ondoan gelditzen dira. Tamalez, masifikazio honek KBEak biodibertsitatearen irla bihurtzea eragin lezake, edota, kasurik latzenetan, eskualde horien balio naturala galtzera eraman lezake.
«Nafarroan haize errotak instalatzen hasi zirenetik 2021eko irailera arte 8.961 hegaztien gorpuak aurkitu ziren, haize errotekin talka eginagatik, eta ordutik zifra hori hazten joan da. Gainera, aurkitu dituzten gorpuak bertzerik ez dira kontuan hartzen»
Haize errota eta goi tentsioko linea proiektu handien ezarpenek habitataren galera, zatiketa eta zuzeneko hilkortasuna eragiten dute. Nafarroan haize errotak instalatzen hasi zirenetik 2021eko irailera arte 8.961 hegaztien gorpuak aurkitu ziren, haize errotekin talka eginagatik, eta ordutik zifra hori hazten joan da (gainera, aurkitu dituzten gorpuak bertzerik ez dira kontutan hartzen). Horrez gain, harraparien kasuan, jakina da hauek korronte atmosferikoak zein mendi-hegalen korronteak erabiltzen dituztela haien hegaldietarako. Beraz, gailurretan paratzen diren poligonoek heriotza aunitz eragiten dituzte. Hala ere, arazoa ez da bakarrik harrapari handiena, hegazti ttikiagoena ere bada, hala nola, estimatzen da saguzar aunitz hiltzen direla erroten kontra talka eginez zein barotrauma edo haizearen presioaren eraginez. Tamalez, erroten kontra talka egiten duten hegaztiek ezin dute haien akatsetatik ikasi eta haien jokabidea aldatu, ordurako jada hilik baitaude.
Eguzki plaka poligonoek biodibertsitatean duten eragina ere ez hagitz kezkagarria da. Orain dela egun batzuk jakin genuen Serena Solar 1 eta 3 eta Amaya Solar 4 eguzki poligonoek ingurumen inpaktu positiboa hartu dutela. Hasierako proiektuak 348 hektarea okupatzen zituen –487 futbol zelai konparaziora– Adios eta Muruzabal herrietan dauden nekazaritza lur zein muinoetan (orain ematen du gutxiago direla). Geroz eta ebidentzia gehiago dago erran ahal izateko honelako proiektuek badutela inpakturik elektrokuzio bidezko heriotzaz haraindi, batez ere, aipatutako kasuan bezalaxe, instalazioek laborantza edota landaredi naturala zegoen lurzoruetan espazio izugarriak okupatzen dituztenean. Izan ere, biek ala biek espezie aunitzen habitata dira, hala nola, basoilo edota mirotz urdinarena. Gainera, noizbait ere neurri konpentsatzaile gisa ezarri izan diren habia-kutxek ez dute basoilo ttikia, ganga, mirotz urdinen kasuan balio, haiek zoruan paratzen baitituzte haien habiak. Baina arazoa ez da bakarrik lurzoruan haien habiak paratzen dituzten txorientzako. Intsektuz edota karraskari ttikiz elikatzen diren hegaztientzat eguzki plakak oztopo handia dira. Hazkuntza eta elikadura eremuen murrizketek inpaktu larria dute espezien biziraupenean.
«Biodibertsitatea kontserbatzeko lehenbiziko pausoa berau ez deuseztatzea da»
Kontua da: noiz arte presiona ditzakegu espezieak? Noraino segi dezakegu hazkunde dinamika honekin bizitokia partekatzen dugun espeziearen bideragarritasunean eraginik izan gabe? Izan ere, biodibertsitatea kontserbatzeko lehenbiziko pausoa berau ez deuseztatzea da, eta honek erlazio zuzena du administrazioak duen paperarekin naturaren kontra doazen proiektu eta aktibitate ekonomiko jakin batzuk ahalbidetzerako orduan. Ekosistema guztien elkarrekintza hain da estua eta konplexua, beharrezkoa baitzaigu berau zaintzea. Gizakiok biodibertsitate horren parte garen heinean, honen oreka mantentzeko benetako ahaleginak egin behar ditugu eta, ustez arrazoidun animaliak garen heinean, akatsetatik ikasi behar dugu, bertzela, haize erroten kontra talka egiten duten hegaztien moduan, lezioa ikasita dugunerako jada berandu izanen da.