Urrezko emakumezkoen banakako aizkolari txapelketako jardunaldia jokatuko dute apirilaren 30ean, igandean 12:45ean Arabako Arespalditza herriko plazan. Maika Ariztegi iturendarra eta Oihana Fernandez de Berrena arabarra lehiatuko dira jokoan dauden bi puntuen bila.
Aizkora lehiaketaz gain, harri-jasotze erakustaldia ere eginen dute Udane Ostolaza, Olaia Esnaola eta Maddi Gesalaga gipuzkoarrek.
Maiatzaren 1ean Lazkaon eta Estibalizen
Urrezko Aizkolarien banakako txapelketa Eusko Label Sariko kanporaketa jokatuko dute maiatzaren 1ean Lazkaon, astelehenean 12:00etan. Hamabi aizkolari ariko dira lehian, final laurdenetarako lau txartelen bila. Eskualdeko aizkolaririk ez da izanen. Txomin Amundarain (Arribe), Jose Mari Benito (Valsain), Eloy Corchero (Araia), Ibon Garaiburu (Berastegi), Patxi Igoa (Itsasu), Aritz Irazabal (Ugao), Julen Kañamares III.a (Arostegi), Oier Kañamares IV.a (Arostegi), David Naredo (Sariego), Jon Rodriguez (El Espinar), Ibai Soroa (Aribe) eta Luis Txapartegi (Aizarna) ariko dira.
Hamar arroako hiru harri harri-jasotze txapelketaren barrenean Paulo Azpiazu eta Iñigo Eizagirre Eiza ariko dira eta jaialdia bukatzeko, Olaia Esnaola, Ane Zinkunegi eta Maddi Gesalaga harri-jasotzaileak ariko dira.
Asteburua borobiltzeko, egun berean, astelehen eguerdian Estibalizen, Gasteizen, 18 urtetik beheitiko aizkolariei zuzendutako txapelketaren finalerdiak jokatuko dituzte. Hemen ere ez da eskualdeko aizkolaririk izanen. Kimetz Oñederra (Deba), Unai Etxeberria Osinalde (Ezkio), Ioan Goikoetxea (Etxarri Aranatz) eta Markel Kortina (Murgia) ariko dira, ekainaren 4an Azpeitian jokatuko den finalerako bi txartelen bila. Final horretan zain izanen dute Hernaniko Igoin Pikabea, joan den igandean nagusitu baitzen Aian.
Jaialdia bukatzeko, Josetxo Urrutia harri-jasotzaile leitzarrak eta Malen Barrenetxea Hernaniko aizkolari gazteak erakustaldia eskainiko dute.